PSE-Elgarrekin Podemos udal gobernuak 2023ko udal tasak eta zergak izoztu nahi dituela iragarri badu ere, hobarietan sakondu beharra dagoela diote jeltzaleek. Inflazio egoera dela eta, hobariak eskuratzeko diru-iturrien langa igotzeko eskatuko du urriko udalbatzan.
Irungo 2023 udal aurrekontuak osatu baino lehen, diru-sarrerak zehaztu behar direnez, urriko hilabete bukaerako udalbatzan erabakiko dituzte udal zerga eta tasen gorabeherak. Gobernu koalizioak iragarri duenez, udal inpostuak izozteko proposamena eramango du udal osoko bilkurara. Baina EAJ udal taldearen ustetan, behar handienak dituzten familiei begirako aparteko neurriak hartu beharko lirateke. Xabier Iridoyk, Irungo jeltzaleen bozeramaleak azaldu duenez, "irundar askorentzako oso hilabete zailak aurreikusten dira, asko jada hasiak dira ondorioak jasaten, eta erosketa saskia betetzea geroz eta gehiago kostatzen du inflazioaren ondorioz".
Horri aurregiteko, eta "irundarren ongizatean begirada jarri nahian", familia askoren egoera arinduko duten zenbait hobari errazteko proposamena egingo dute jeltzaleek. Izan ere, gaur egun udal zerbitzuetarako ordaindu beharreko tasetan, oinarrizko diru-iturriak dituzten (RGIa kobratzen duten) familientzat hobariak aurreikusten badira ere, "hilabete bukaerara heltzeko estu eta larri" dabiltzan familia asko dago. Kontuan hartu behar baita, Gipuzkoako 86 udalerrien artean Irun dela batezbesteko errenta apalena duen 83garrena. Eta 20.000 biztanletik gorako udalerrietan azkena.
Proposamen zehatzak
Hortaz, etxeko txikienek eta gazteenek aisialdiko uneak izaten jarrai dezaten, besteak beste Solas Jolas, Eskola Kirola, Haurtxokoak, Udalekuak eta Uda Giro bezalako jardueretan, hobarietarako eskubidea izateko diru-iturrien gehienezko maila igotzea proposatzen du EAJk.
Bestalde, erosteko ahalmen txikiena duten Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileen ordainketaren tasa murriztea eskatzen dute. Zerbitzu horrek, batez ere, autonomia pertsonalean zailtasunak dituzten 65 urtetik gorako pertsonei laguntza ematen die. Hala pertsona hauek, beren etxean garatzen lagunduz eta isolamendu egoerak saihestuz.