Irungo 'Gure Morada'ko ateetan egindako pintaketak salatu ditu Elgarrekin Podemosek

Antxeta Irratia 2022ko urr. 17a, 00:00

Joan den ostiralean, Irungo Izaga kalean kokatua dagoen Irungo Podemos-eko egoitzan pintaketa arrazistak eta matxistak agertu ziren. Ez da aurreneko aldia halako erasoak jasotzen dituztela. Baina oraingo honetan, aldameneko lokutorio bateko lokalera ere hedatu ziren erasoak.

“Prohibido negras”, “Indigenas putas”, “Mierda latinas”, “Zerdos”, “Sois ratas” edota “Askerosas zorras” pintaketekin batera, kaka horman barreiatua, eta Irundik alde egiteko gonbidapen bat ere bai utzi zuten erasotzaileek.

Honen aurrean, Ertzaintzaren patruiletako bat bertaratu ondoren, salaketa jarri zuten. Baina bide polizial eta judizialaz haratago, halako erasoak onartezinak direnez, salaketa publikoa ere egin du Irungo Elgarrekin Podemosek. Diskurtso arrazista, matxista eta xenofoboak ugaritzen ari direlako azken aldi honetan, gizarteak arriskutsuki normalizatzeraino.

Era berean, Irungo gainerako talde politikoen babesa ez ezik, Irun hirian "errespetuan, tolerantzian eta kohesio sozialeko politikak sustatzen", horrelako gertaerak salatzeko beharrik ez egoteko, "pedagogia lan handia" egin behar dela nabarmendu du Miren Etxebestek, Irungo Elgarrekin Podemoseko ordezkariak.

 

Erlazionatuak