Jaizkibel babesteko deia luzatu du Eguzkik, bere baitan gordetzen dituen altxorrak nabarmenduz

Antxeta Irratia 2022ko urr. 17a, 00:00

Arma Plazako erakusketarekin batera, EHUko aditu batekin hitzaldia, itsaslabarra ezagutzeko itsas-ateraldia eta eskolartekoentzat mendi-irteerak antolatu dituzte Jaizkibelgo Kontserbazio Bereziko Eremua eta bere altxorrak ezagutara emateko.

Eguzki talde ekologistak 'Jaizkibelgo Altxorrak' proiektua aurkeztu zuen joan den ostiralean Hondarribiko Arma Plazan. Horri lotutako erakusketa bisita daiteke egunotan bertan, baina horri lotutako sentsibilizaziorako hitzorduak dira proiektua osatzen dutenak. Karlos Murua, Eguzki taldeko kideak esplikatu digunez, "Jaizkibel eremu babestua den heinean, flora eta faunaren dibertsitatea eta mehatxuak ez ezik, mendiak bere baitan gordetzen dituen lanbideak eta historia geologikoa barneratzen du proiektuak".

Gogoan hartu beharbaita Natura 2000 Sarearen baitan kontserbazio bereziko eremu gisa babestutako mendia dela Jaizkibel, eta ekosistema desberdinek osatzen dutela ingurunea, itsaslaberratik hasi, basoguneetara eta larreetaraino.

Haur eta helduentzako jarduerak

Datozen bi asteotan, Ama Guadalupekoa, Egiluze eta Talaiako ikasleekin mendi ateraldiak antolatuko dituzte Jaizkibelgo Altxorrak ezagutzeko. Datozen bi astearte eta ostegunetan.

Ipuin kontalariak ere izango dira Arma Plazan urriaren 19 honetan, eta helduak sentsibilizatzeko, aldiz, urriaren 28an (19:00etan) "Jaizkibelgo arkaitzek kontatu nahi digutena" hitzaldia emango du EHUko Jose Maria Hernandez adituak. Era berean, Jaizkibelgo itsaslabarra itsasotik ezagutu eta aztertzeko grina duen ororentzat, katamaran batean itsas-ateraldia antolatu dute urriaren 29an 11:30etan Benta Zaharretik abiatuta. Izen-emateak Arma Plazako Interpretazio Zentroan bertan egin beharra dago.