2020ko Euskaraldiko partehartzea hobetzeko, bereziki Belarriprest potentzialak aktibatu nahi dituzte Irunen

Antxeta Irratia 2022ko urr. 14a, 00:00

"Irunen bagara, zu ere bazara, izan gaitezen!" lelopean, irundar guztiak euskaraz mintzatzera edo jarrera baikor bat adieraztera animatu nahi dituzte azaroaren 18tik aurrera Ahobizi ala Belarriprest rolak hartuz. 

Guztira, 2.200 irundarrek parte hartu zuten 2020ko Euskaraldian, eta haietatik %31 berria izan zen. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra garatuko den hirugarren edizio honetarako beraz, orain artean ariketa sozial honetan aprte hartu izan duten guztiak batu, eta euskara gehiago eta gehiagotan hitzegin eta ulertzeko ahalegina egiteko prest diren irundar berriak bilatu nahi dituzte antolatzaileek.

"Jarrera kontua" dela nabarmendu dute Irungo kanpainaren aurkezpenean. Eta helburu horrekin, Irungo batzorde eragileak Euskaraldi honetarako, "Irunen bagara, zu ere bazara, izan gaitezen!" leloa plazaratu du. "Partehartzea handitzeko potentzial handia du Irunek oraindik, baina bereziki belarriprestak animatu nahi ditugu, rola betetzeko gai ote diren zalantza duten horiek guztiek, ziur egin dezaketela", adierazi du Beñat Alzagak, talde eragileko kideak.

2020ko Euskaraldian Irungo parte hartzaileen %77ak, 1.689 norbanako, Ahobizi rola hautatu zuen. Gainontzeko %33a, aldiz, Belarriprest rolean aritu zen, hau da, 500 lagun. Eta marka hobetu daitekeelakoan, "hitzez ekitera jendartea aktibatzeko" kanpaina egingo dute auzoz-auzo eta sare sozialetan. Bideoen bitartez Euskaraldiari babesa adierazi diote, besteak beste, Iñigo Lavado sukaldaria, CDBidasoako Gurutz eta Julen Aginagalde anaiak, Itziar Sistiaga idazlea edota Teresa Errandonea atleta olinpikoak.

Norbanako gisa izena emateko www.euskaraldia.eus webgunearen bidez egin daiteke. Eta Arigune izateko elkarte, enpresa eta kolektiboek oraindik ere urriaren 31a arte egin ahal izango dute.

Ekimen andana bat

• Gaurtik aurrera eta ariketa bukatu arte, Euskaraldiaren totema auzoz auzo ibiliko da, egitasmoari buruzko informazio praktikoa zabalduz. Horrekin batera, lehiaketa bat jarriko da martxan: parte hartzaileek, Euskaraldiko txapa soinean dutela selfie bat igo beharko dute sare sozialetara, Euskaraldiari buruzko esaldi batekin batera. #Irunenizangaitezen traola erabili beharko da argitalpenean, eta @euskaraldiairun (Twiterren @iruneuskaraldia) edota @irun_informa etiketatu behar dira.

Hala, amaieran zozketa bat egingo da, eta irabazleak liburu sorta bat eta Bidasoko Hitzako urtebeteko harpidetza irabaziko ditu.

Beste hitzordu hauek guztiak ere programatu dituzte:

• Azaroaren 5ean, larunbatez, Euskaraldia Gune Ibiltariak geldialdia egingo du Zabaltza Plazan. Arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara, izena emateko eta txapa jasotzeko mahaia, Euskaraldiari buruzko ihes-gela eta Klaun-In elkartearen eskutik kale-animazioa izango dira.

• Euskaraldiari buruzko informazioa emateko eta proposamenak jasotzeko, Batzorde irekia egingo da urriaren 26an. Arratsaldeko 18:30ean izango da, Palmera Montero gunean.

• Azaroaren 18an, 19:00etatik 20:30era, Bertso-pintxo ekimena egingo da, San Juan Plazatik Urdanibia Plazara, Sustrai Colina eta Alaia Martin bertsolariekin.

• Azaroaren 24an, 19:00etan, Erik eta Win antzezlana eskainiko da Amaia Kultur Zentroan.

• Azaroaren 25ean, 18:00etan, Kantu Kolore: Peru kokodriloa ikuskizuna izango da haurrentzat Amaia Kultur Zentroan.

• Abenduaren 1ean: goizez, Mintzodromoa izango da Hendaian; eta arratsaldez, 19:00etan, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana eskainiko da Amaia Kultur Zentroan.

• Azkenik, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Benta Zaharreko Mutiko Alaien emanaldia izango da eguerdiko 12:00etan hasita. Urdanibia Plazatik abiatuta, Luis Marianoraino joango dira musikariak. Irunen bagara, zu ere bazara, izan gaitezen!