San Nikolas zubiaren ordezkapena inflazioaren ondorioz itxaron beharko du

Antxeta Irratia 2022ko urr. 14a, 00:00

2019az geroztik diru partida onartua izanagatik ere, obrarako lehiaketa behin deituta, materialen kostua nabarmen handitu denez, ez da enpresarik aurkeztu. Inflazio egoerari egokitutako prezioak zehaztutakoan konkurtso berri baten deialdia egingo dute.  

Bizi dugun egoera ekonomikoaren lehen ondorioak somatzen hasiak dira erakunde publikoen desmartxan ere. Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, ikasturte honetan aurreikusiak zituen zenbait inbertsio eta obretarako lehiaketa publiko hutsean geratu dira. Izan ere, esleipen baldintzak onartu zituztenetik hona, materialaren prezioak garestitu egin dira sobera, eta enpresei ez zaie aurrekontu horiekin obra proiektu horietara aurkeztea errentagarria ateratzen.

Juan Mari Altuna 'Txisun'ek, Hondarribiko Udaleko Ogasun ordezkariak adibideak jarri ditu. "San Nikolas zubiaren proiektua egina zegon, adibidez, baina prezioak egokitzeko lanak egin behar izan dira inor ez delako aurkeztu, orain injeniari batzuekin prezioak egokitu eta dena prest dagoenean berriz konkurtsora aterako da". Horren ondorioz, lanak atzeratu egingo dira.

Aspaldiko beharra

Zezen plazatik Alde Zaharrerako San Nikolas pasabidea ordezkatzeko beharra ez da atzo goizekoa. Izan ere, dagoeneko 2017an teknikariek zubian egitura-ahultasun larriak atxeman zituzten, eta udal gobernuak zubia aldatu beharko zela iragarri zuen. Baina lehen diru partida ez zen 2019a arte onartu, 370.000 euroko aurrekontu batekin, urte hartako udaberriko lehen kreditu aldaketarekin.

Partida hura ez zen gerora exekutatu, eta 2020 urtean berriro aurkeztu zuen EAJ udal taldeak aurrekontuetara. 2021ean diru partida berbera errepikatu zen aurrekontuetan. Aldiz, lehiaketa publikoaren deialdian ez da enpresarik aurkeztu aipaturiko arrazoiak direla eta.

Erlazionatuak