Energia eta elikagaien garestitzearen aurrean, "herritarren karga arintzeko helburuarekin" udal inpostuak bere horretan mantendu nahi ditu udal gobernuak hamargarren urtez.
Hondarribiko Udaleko Ogasun Batzordea bildu da gaur goizean. Eta udalbatzan eztabaidatu eta onartu beharreko zenbait hobariez haratago, 2023ko aurrekontuak osatzerako garaian, diru-sarreren atalean herritarrek ordaindu beharreko zerga eta tasak ez dira mugituko. Horrela, hamarkada beteko du Hondarribiko Udalak zergak eta tasak igo gabe.
Juan Mari Altunak, Ogasun ordezkariak azaldu du, bizi dugun egoera ekonomiko inflazionista larria kontuan hartuta, etxebizitzaren gaineko zerga (IBI) edota ibilgailuen gainekoa (biñeta) bere horretan mantentzea proposatu duela udal gobernuak. "Energia eta erosketa otarrea etengabe garestitzen ari dira, eta egin dugun hausnarketa izan da, inpostu horiek izoztuta jarraitzea familien karga arintzeko helburuarekin", argitu du Altunak.
Altxortegitik estaliko dute galera
Herrian 12.000 ibilgailu sailkatuak dituzte, eta IBIarekin batera, horiek dira hondarribitarrek zuzenean ordaindutako diru-iturri garrantzitsuenak udalarentzat. Izan ere, aurrekontuaren erdia baino gehiago, berez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsatik dator. Iaz 12,8 milioi euro izan ziren Gipuzkoan bildutako zergen diruen banaketatik Hondarribiko Udalak jasotakoa. Eta aldundiaren estimazioa baikorra da aurtengo.
Halere, inflazioa zein den ikusirik (%10 ingurukoa), hondarribitarren udal zerga eta tasak izoztua mantentzeak eragina izango du udalaren ekonomian. Baina altxortegitik estaliko dute hori. Altunak aitortu duenez, "herritarren etxeetan bezala, herriko etxean ere, energia ez ezik, hornikuntza eta materialetan ere pairatzen ari gara garestitzea".
Zentzu horretan, hainbat obra proiektuetan eragina du horrek dagoeneko, lizitatu beharreko lehiaketera ez delako enpresarik aurkezten aurrekontuak ez dituelako gastuak estaltzen. Azaldu duenez, San Nikolas zubiaren proiektua da horietariko bat. Aurrekontuak materialen prezio berriari egokitu eta lehiaketa berriz ere egin beharko dutelarik.