Euskarak bizi duen erabileraren 'gottibeheraren' balazta izan nahi du Euskaraldiak aurten Hondarribian. Ostegun honetan Euskara arloak aurkeztuko dituen 2021eko kale-entzuketa inkestaren datuak ez dira onak. Kontrakoa baizik.
Hondarribitarren %70etik gora euskalduna bada ere, egunerokoan herriko hizkuntza ez dago gehiengo baten ahotan. Aurreko inkestaren arabera %25 inguruk erabiltzen zuen kalean. Eta oraingo honetan, %17ra apaldu egin da. Bereziki herriko gaztetxoen artean.
Datu hauek Euskaraldiaren kanpaina abiatzeko atarian plazaratuko dituzte. Izan ere, bi urtetan behin antolatzen den hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa sozial honen eramaileek, egoera irauli nahi dute. Mertxe Gerriko, Hondarribiko Euskaraldiko koordinatzaileak dioenez, "ikastetxeetan eta Euskaraldiaren herriko batzordeko eragileak kezkatuak daude, gaztetxoek berehala jotzen dutelako erdarara". Hortaz, Euskaraldiarekin "kalitatezko ariketa" bat bultzatu nahi dute, txapa bat zintzilikatzeko keinu sinbolikotik haratago joanez.
Ariguneak bikoiztuta, egoera iraultzeko helburua
Halere, duela bi urte 1.500 ahobizi eta belarriprest bildu eta gero, marka hobetzeko erronka dute, noski. Eta horretarako auzoz-auzoko kanpaina abian jarriko dute asteburu honetan bertan (beherago azaldua). Baina, momentuz, Ariguneei dagokienez jauzi erraldoia eman du Hondarribiak aurtengoan. 2020ean 55 izan ziren bitartean, dagoeneko 90 eragilek bat egin baitute oraingoan. Eta urriaren 31a arte izena eman dezakete oraindik, herriko elkarteek, ostatuek, komertzioek eta edozein kolektibok.
Baina une honetan Ahobizi eta Belarriprest izena eman dezaten norbanakoei zuzendutako kanpaina bete-betean murgilduta daude. Sare sozialetan herriko hainbat lagunen eskarmentua eta erronkak azalerazteko bideoak baliatzen ari dira horretarako. Eta kalean ere izango dira etengabe. Urriaren 15ean, Euskaraldiko informazio mahaia jarriko dute San Pedro kalean, azokaren ondoan, informatu eta txapak banatzeko. Eta urriaren 16ean Koldo Ortegaren eskutik Arkolla auzora bisita gidatua proposatuko dute 11:30etan Santiagotxoko auzo elkartetik abiatuta. Urriaren 23an Jaitzubian egingo dute gauza bera, eta urriaren 28an Euskaraldiaren Gune Ibiltaria Hondarribira helduko da, Portua auzoan Hitzez Ekiteko ekitaldia ospatzeko.
Hortaz gain, Euskaraldiari buruzko hitzaldi didaktikoa antolatu dute urriaren 19an Kultur Etxean (18:30) ekimenaren dinamika eta rolak argi ez dituzten pertsonentzat. Eta azaroan bertso-afari bat Itsaslur elkartean.
Xehetasun guztiak, Hondarribiko Euskaraldiako koordinatzaileak eman dizkigu