Irungo Harrera Sarea: "Lau urteotan 23.000 begirada desberdin ezagutu ditugu hemen plazan"

Antxeta Irratia 2022ko urr. 11a, 00:00

Migratzaileei harrera egiteko San Juan plazan jarri zirenetik 1.460 egun iragan dira, eta oraindik ere lokal baten beharretan jarraitzen dute. Kalean aro txar eta beroen menpe, 23.000 migratzaileri harrera egin diete lau urteotan.

2018ko udan Irungo Harrera Sarea antolatu, eta Lakaxita gaztetxea izan zen Bidasoa ibaiaren ur-muga zeharkatu nahi zuten migratzaileen lehen aterpe. Udazkena iritsi zenerako "egoera jasanezina" zenez, San Juan plazan akanpada egiteko deialdia luzatu zuten. Eta orduan, eta ez lehenago, hasi ziren agintariak mugitzen. Garai hartan itxita zegoen 80 bat ohe dituen Martindozenea aterpetxea egokitu zuen udalak gau hartan bertan. Baina Harrera Sareko bolondresak San Juan plazan geratu ziren, bertara heltzen ziren migratzaileei harrera egin eta laguntzeko.

Orduz geroztik, hainbat urrats eman dituzte agintariek gaur egun Irun-Hondarribiko udalek diruztatzen duten Zubia zentroa, eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik Gurutze Gorriak kudeatzen duen Arretxe Gainako aterpetxean lo egin dezaketelarik. Baina egunero ez bada, astero, migratzaileren bat kale gorrian geratzen da berdin. "Espainiar estatuan urtea bete dutenek, aterpetxe eskubidea galtzen dute, baina ez dute kontuan hartzen askok Kanarietan hilabeteak ematen dituztela estatuak berak atxikita", kexu da Josune Mendigutxia Harrera Sareko kidea.

Bart gauean bertan bere urtebetzea zuen 16 urteko adin txikiko batek pairatu du egoera hori, eta bolondresek pentsio batera eraman dute. "Ez du urtebetzea erraz ahaztuko".

4 urte etenik gabe

Baina Harrera Sareko bolondresen indarrak emango duten bitartean, "agintariek bermatzen ez duten" harrera duintzen jarraituko dute. Plazan jarri zirenetik 1.460 egun beranduago lokal baten beharretan jarraitzen dute, eta ez Irungo Udalak, ezta Eusko Jaurlaritzak plazan bertan duen lokal hutsa ere, ez dizkiete uzteko asmorik agertu. "Gure bosgarren negua hastera goaz hemen", dio Mendigutxiak, "hasi ginenean ez genuen pentsatu hain luze joko zuenik, ezta agintariek iraungo genuenik ere, baina hemen jarraitzen dugu". Baina 4 urteotan 23.000 migratzaile baino gehiago pasa dira plazatik laguntza eske. "23.000 begirada, 23.000 istorio eta drama desberdinak ezagutu ditugu", gogoratzen du bolondresak.

Tamalez, horietariko zenbaitzuk ez zuten Bidasoa ibaia bizirik trebeskatzea lortu. Horregatik ere, enegarren aldiz exijitzen diete agintariei Frantziako Gobernuak "mugako kontrol arrazista eta ilegalak" kendu ditzan lan egin dezatela. Izan ere, udazkenarekin batera ibaiaren egoera zaildu egiten da, eta migratzaile askok igerian zeharkatzen jarraitzen dutela ohartarazi dute Harrera Saretik. "Arropak eta motxilak topatu ditugu ibai ertzean, eta egunero ari dira pasatzen, zerbait gertatu arte", dio Josunek. Ezbeharrik gertatu ezkero, aldiz, ez dute agintariek "aurpegia zuritzeko" elgarretaratzeetan parte har dezaten. "Hobe lukete euren lana egitea, horretarako baitaude".