Udazkenean euskaraz jolastera gonbidatzen die Irungo Udalak haurrak dituzten familia guztieri

Antxeta Irratia 2022ko urr. 11a, 00:00

Irungo haur-parkeetan umeek eta haien zaintzaileek euskaraz jolasteko ohitura har dezaten (Haurrak Parkean), eta familiarteko euskararen transmisioa bultzatzeko (Familia Ola) programak bueltan dira dohainik. 

Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuaren bitartez, haur eta familien aisialdi denboran euskararen erabilera bultzatzeko Familia Ola eta Haurrak Parkean programak martxan jarriko ditu udazkenarekin batera. Miren Etxebeste, Euskara udal ordezkariak azaldu duenez, "eskola bizitza berriz ere martxan dugu, baina programa hauekin eremu ez arautu batean euskaraz gozatu eta hizkuntza dinamiketan eragitea bilatzen dugu". Familia Ola programaren kasuan, 2009az geroztik antolatzen dute eta aski sendotua dago. Urtero jarduera gehienetarako plaza guztiak bete ohi dira. Berez, 2 eta 8 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago, aisialdia euskaraz eta elkarrekin eginez, familiartean ere euskararen transmisioa sendotze aldera.

Programa hau doakoa da, baina urriaren 19tik 30era izena eman beharko dute interesatuek www.irun.eus udalaren atarian. Hezten (lehengo Urtxintxa) elkarteko begiraleek kudeatzen dituzte jarduerak. Eta udazken honetarako programan hiru ekintza aurreikusten dituzte. Azaroaren 15ean eta 17an musika eta gorputz-adierazpena ardatz duen joko kolektiboen tailerra. Azaroaren 20ean, Donosztiako Aquariumera txangoa egingo dute. Eta azaroaren 22an eta 24ean, Jone Taberna artistarekin ilustrazioari eta arteari buruzko tailerra egingo dute. Dena euskaraz eta gurasoen partaidetza ezinbestekoa izanik.

Parkean haurrak euskaraz

Bestalde, duela bi urte proba piloto gisa abian jarri zuten Haurrak Parkean programa bueltan izango da ere. Haurrei zuzenduta badago ere, umeen adinaren arabera guraso edo aiton-amonen partehartzea eskatu ahalko dute. Kasu honetan ez da izena eman beharrik. Aski izango baita Hezten elkarteko dinamizatzaileek emandako parke eta hitzordura hurbiltzearekin.

Itsaso Baquerano, Hezteneko ordezkariak azaldu duenez, "adin desberdinei egokitutako jolas kooperatiboen bitartez, haurrek eta haien zaintzaileek parkean euskaraz jolasteko ohitura hartzea nahi da". Horretarako, bi talde antolatu ohi dituzte. Batetik, 3 eta 5 urte bitarteko haurrekin eta haien zaintzaileekin jolasak eginez, eta bestetik, 6 eta 9 urte bitarteko haurrekin. Bigarren honetan haurrak euren lagunen artean moldatu ohi direlarik.

Udazken honetarako lau parke hautatu dituzte. Eta ordutegia aurreratu egin dutela iragarri du Miren Etxebestek "azkar iluntzen duelako". Horrela, urriak 19, 26 eta azaroak 2 eta 9an (ASTEAZKENETAN) Palmera Montero auzuneko Nagore Laffage parkean eta Olaketa parke estalian (Partxiseko etxeak) egingo dute. Eta urriak 21etik azaroaren 11ra ostiral guziz ere, Landetxa-Katea auzoko Arbiun plazatxoko frontoi estalian, eta hirierdian, San Juan plazan.