Irungo iraileko udalbatzak argi berdea eman zion Zaldunborda II lursailaren garapen industrialari. Koalizio abertzaleak kontra bozkatu zuen, eta Hondarribirako defendatzen ziren irizpideak, norbere etxean aldatu izana leporatzen die beste talde politikoei.
Irun eta Hondarribiko udalen arteko bateragarri egiteko plana onartuko dutenean, eremu horretan zer jarduera ekonomiko mota kokatuko den erabakiko da. Halere, irizpideetan argi dute talde politikoek komertzio eta garraio-logistikarako jarduerak ez dituztela bertara bideratuko. Izan ere, gaur egun eremu hori kamioien aparkatzeko erabiltzen da ere modu alegalean. Eta errepidearen bestaldean, Zaldunborda I eremuan MacroOutel Village proiektuak sortu zuen eztabaida eta haserre sakona aurrekari argia da.
Are gehiago, Irungo udalbatzak ahobatez onartu zuen 2017an Hondarribiko udalak bultzatu nahi zuen makroproiektu horren kontra, Irungo merkataritza sektorea hunkitzen zuelako. Baina baita Jaizkibel-Aiako Harria arteko korridore ekologikoa babestu behar zelako ere. Baina besteren akatsak ikusteko betaurreko beharrik ez denez, Irungo Udalak berea den auzo bereko Zaldunbordako II eremua jarduera ekonomiko edo industrialerako bideratzea onartu du oraingo honetan.
Besteen faltak aurreko aldean, geureak bizkarrean
EH Bildu koalizioak kontra bozkatu zuen udal osoko bilkuran. Jokin Melidak, koalizio abertzaleko bozeramaleak kezkaz ikusten du gainerako taldeek agertu zuten jarrera: "Aurreko legealdian ahobatez adostu genuen, Jaizkibelen magalean jarduteak kalte larria egingo liokeela eremu horretako ingurune ekologikoari", dio Melidak, "baina balio ekologikorik gabeko eremua dela diote orain". Horixe bera defendatu baitzuen Elkarrekin-Podemos/Ezker Batua taldeak, talde ekologistek duten iritziaren kontra.
Hau guztia kontuan hartuta, jarduera ekonomikoa azkartzeko alternatiba jasangarriagoak proposatzen ditu EH Bilduk. Hala nola, zahartuak edota prekarioan utziak dauden pabilioiak atontzea eta industriguneak ondo aprobetxatzea. Udalabtzan, Miguel Angel Paezk, Hirigintza ordezkariak argitu zuenez, helburu hori duen plangintza bat osatzen ari dira. Horri behar egongo da EH Bildu.