ISS Facility Services enpresak garbitzaileekin urriaren 4an erakutsitako negoziatzeko talantea biratu egin du egun batetik bestera. Azikontratak berak proposatutako 2026 artean urtero %5eko soldata igoeraren eskaintza atzera bota du, eta %0,75ekoa eskaini die, iraileko eskaintzaren erdia.
Bat esan eta bestea egin, nola asmatu horrelakoekin? Horixe bera pentsatzen ariko dira orduotan bost hilabete greban daramaten Hondarribiko udal garbitzaileak. Astelehen honetan, negoziaketa bideratzeko itxaropena zuten, langileek ez ezik, Talaiako ikasle, irakasle eta gurasoek ere. Urriaren 4an ISS Facility Services udalaren azpikontrata enpresak egindako azken proposamenak lan-gatazka desblokeatzeko aukerak eskaintzen baitzituen.
Enpresak iraila bukaeran eskainitako soldataren %1,5eko igoera beharrean, %5ekoa eskaini baitzien 5 urterako. "Eros ahalmena ez galtzea segurtatzen ez bazuen ere", (Hondarribiko Udalak funtzionario eta udal langileei segurtatzen dien mahaiko %2az gain) orotara %25eko soldata emendioa bost urtetan, egun pairatzen duten soldata arrakala arintzen zuen. Eta langileen ordezkariek bost urterako beharrean, igoera hori 4 urtetan egiteko erantzun behar zieten gaurko bilkuran bi aukera emanez: 2022an %7a, 2023an %8a eta %5a 2024 eta 2025ean. Beste aukera zen urtero %6,5eko igoera, eta %5,5ekoa 2025ean. Baina enpresak ez die negoziatzeko aukerarik eman ere.
Goizeko 10:00etan hastekoa zen bilera, eta hasi bezala bukatu da, aulkia berotzeko aukerarik eman gabe. ELA sindikatuak salatu duenez, urriaren 4an egindako proposamen hura atzera bota dute, eta matizatzen hasi dira. Azkenik proposamen berri bat egin diete, eta beraz, aurrekoan emandako hitza jan du. Udalaren %2a gehi %0,75 urtero, edo %4,5 lau urtetan da eskaintza berria. Hau da, irailan eskainitakoa baino gutxiago.
Enpresaren jokamoldea gogor salatu du ELA sindikatuko Xabier Etxanizek. "Gaurko bileraren edukia oso eskaxa izan da, eta 'punto muerto' batera garamatza", dio, lan gatazka asko luzatuko dela iragarriaz. Izan ere, hurrengo bilera urriaren 24an hitzartu dute, eta inolako proposamenik gabe.
Zerbitzu minimoak ere eztabaidagai
Bestalde, negoziaketa okertu den bitartean, Hondarribiko Udalak zerbitzu minimoak areagotzeko eskaera luzatu du Loraitz haurreskolan eta Satarkan. "Grebalaria ez den langile baten hitzetan oinarrituta eskatu dute, pardelak eta organikoak jasotzen ez direla argudiatuz, baina hori ez da egia", argitu du ELAko ordezkariak.
Zentzu honetan, urriak 10 honetan bertan demanda bat aurkeztuko du euskal sindikatuak, neurri kautelarrak eskatuz, "astakeri hau atzera bota dadin". Era berean, enpresarekin gatazka sakondu egin da. Izan ere, zerbitzu minimo horiek nola betetzen diren inposatu nahi du. Orain artean, grebalariak antolatzen ziren Eusko Jaurlaritzak agintzen dituen garbiketa minimoak betetzeko. Baina enpresak erabaki du 9 hilabeteko txandak antolatzea. "Inposatu egin dute zein grebalarik bete beharko dituen lan horiek epe horretan, eta 9 hilabetero aldatu", dio Etxanizek. Horrek greba eskubidea urratzen duela diote. Eta txanden epeak ikusirik, adierazgarria da lan gatazka nora eraman nahi dute.