Mendelu ere Hondarribia dela aldarrikatu eta EAJk abandonaturik dituela salatu dute auzotarrek

Antxeta Irratia 2022ko urr. 10a, 00:00

Larunbata eguerdian 350 lagun inguru batu ziren Mendelun, EAJ-PNV alderdiari interpelatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Hondarribiko Udalari, 30 urteetan auzoan egin ez dituzten hobekuntzak exijitzeko. 

Aireportuko pistaren luzatzeko proiektuak baldintzatuta, salbuespen egoera finkatu arte bizilagunek ezjakintasunean murgilduta bizi izan dira. Etxeak konpontzeko baimenik gabe. Eta administrazio publikoek ere, ez dituzte behar lanak egin auzoan hiru hamarkadaotan. Irun eta Hondarribia lotzen dituen errepideak auzoa erdibitzen du, eta barianteko errepide nagusiak auzoa zeharkatzen du gainetik. Orotara 55.000 auto pasatzen dira auzotik egunero, zarata, arriskua eta kutsadura eraginez.

Anartean, Balazta elkarteak egindako neurketen arabera, 2.500 bizikleta baino gehiago pasatzen dira ere, bidegorririk gabe. Aldarrikapen historikoak dira hauek, haien ustetan aldundiaren eta udalaren utzikeriaren ondorioz tintontzian geratzen joan direnak. Auzo bizigarriago bat nahi dute.

Betiko arazoak eta mehatxu berriak

Baina mehatsu berriak ere badira. Hiri Antolamendu Plan Orokorrean (HAPO) EAJk udalbatzan duen gehiengoa baliatuz, eta oposizio osoa kontra, bultzatu nahi dituen ekimenak "arazoa areagotu besterik ez ditu egingo" auzo elkartearen arabera. Ane Merinok azaldu digunez, "Gibeleta eta Zubietako eremuetan, etxebizitzak eta enpresa pabilioiak egitea aurreikusten dute, eta horrek kotxe gehiago ekarriko ditu oraindik ere". Gainera, oraindik ere berdegun diren auzoko lur eskaxak dira, eta Plaiaundi eta Jaitzubiko urmaela babestuen arteko korridore ekologikoa osatzen dute. Hortaz, hirigintza plan jasangarriago bat ere, aldarrikatzen dute.

Txomin Sagarzazu alkateari duela 11 hilabete eskatu zioten bilera hitzordua, erantzunik gabe. Baina Hondarribiko EAJarekin egin berri dute bilera, eta jeltzaleek diote udalarekin eta aldundiarekin esku hartzeko konpromisoa hartu dutela auzotarrekin. Mendelu auzo elkarteko ordezkariak, aldiz, ez dute ikuspegi berbera. Bileratik atera eta larunbateko manifestazio deialdia luzatu baitzuten "urte hauek guztiak eta gero, ez dagoela inolako bide-orria zehazturik".

Urteak dira, auzoko balkoietan 'Mendelu ere Hondarribia da' kartelak zintzilik dituztela. Eta larunbatean udaletxean zein diputazioan agintean den EAJ-PNV alderdia interpelatu zuten manifestazioan. Auzoan dagoen Psilocybe musika elkarteko kideak ere, batu ziren protestara.