Arma Plazak antolatutako 'Ezagutu Zure Hiria' ekimenaren dibulgazioan sakontzeko, herriko ontzigintzaren historiari buruz udaberrian plazaratu zuen koadernoa aitzaki hartuta, herriko ontzingintzaren entziklopedia biziarekin blagan aritzeko tartea hartu dugu patxaraz.
Hondarribiko Arma Plaza Fundazioak herriko ontziolen historia laburbiltzen duen koadernoa plazaratu zuen joan den udaberrian. 1883az geroztik, herrian arrantzontzi, txipironera, batelak eta bestelako ontzien eraikuntzan aritutako dozena bat lantegi ospetsu izandu dira.
Egurrekin arotz-lanekin hasi eta poliesterraren iraultzaraino, punta-puntako ontziak eraiki izan dira herrian. Gaur egun, aldiz, "Olaziregi" familiarena baizik ez da geratzen. Lazaro Olaziregik 1944an sortu zuen Alde Zaharreko Panpinot kaleko soto batean. Eta 12 urte zituela hasi zen haren semea bertan lanean, Inaxio Olaziregi. 90 urte betetzear dituela, haren semeak hartua du orain lekukoa.
Inaxiorekin hitzegin dugu ontzigintzak izan duen garapenari buruz, eta hamarkadaotan guztietan bizitu izan dituen bitxikeriataz. Ongi gogoratzen ditu hasierak. "Panpinot kaletik Alamedaraino arrastaka eramaki genitun batelak, gero lekurik ez genun eta egunetik-egunera barku handixeagoak etortzen zirenez, Almirante Alonson hartu genuen lokal berria, ondoren Amutera pasa ginen 20 metro t'erdiko bat egin behar genuelako", gogoratzen du. Beranduago Gabarrariko pabilioia izan zuten azken egoitza gaur egun arte.
Loraldia eta gainbehera
Tartean, sektore oso baten loraldia eta gainbehera herrian. "Garai batean herriko gizaseme asko zegon honetan lanean, eta inguruan sortzen zuen guztia. Orain turismoa besterik ez da bilatzen, baina urte guziyan zehar turistek jartzen duten diru haina jartzen dutela herrikoek, baina gazteentzat ez dago lanik", dio goibel Olaziregik, herriko azken ontzigileak, arotz maisuak.
Bere ontziolan arrantzontzi handiak egiteraino iritsi ziren. Eta Europar Batasunaren garaietara, lege eta dirulaguntzen gorabeherei zein poliesterraren aroari egokitzen jakin izan zuten. Baita punta-puntako ontziak egin ere. "Hasieran herrikoentzat egiten genitun batelak, gero Donostirako motor ttikiyak eskatzen zizikiguten, eta gustatu omen zun, zeren ahoz-aho pasa eta Santoñara arte 2.400 txipironera inguru egingo genitun", dio Olaziregik.
Arma Plazak argitaratu duen koadernoa aitzaki hartuta, herriko ontzingintzaren entziklopedia biziarekin blagan aritzeko tartea hartu dugu patxaraz.