Antzinako Egiptora begira dago Oiasso Erromatar Museoa FICAB festibalaren atarikoan

Antxeta Irratia 2022ko urr. 6a, 00:00

Azaroaren 14tik 19ra ospatuko den Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren (FICAB) 22. edizioak Tuttankamonen hilobiaren aurkikuntzaren mendeurrena izango du gogoan. Antzinako Egiptori keinua egingo dio kartelak, eta aurtengo edizioa Egipton egindako hainbat indusketa arkeologikoren berri emango duten hainbat luzemetrai dokumental aurkeztuko dituzte. Aurten 49 fil jaso dira orotara, jatorri askotarikoak. Jordania, Brasil, Mexiko, Italia, Espainia edota Frantzikoak ere. Eta gehienak film luzeak diren bitartean, Egipto eta mesoamerikar kulturari buruzkoak nagusituko direla iragarri digu Aizpea Goenagak, Oiasso museoko eta FICAB festibaleko zuzendariak. 

Bien bitartean, Oiasso Erromatar Museoak bere ohiko dibulgazio lan eta eskaintza oparoarekin jarraitzen du. Egipto begibistatik galdu gabe. Izan ere, Tuttankamonen aurkikuntzaren mendeurrena dela eta, antolatutako hitzaldi zikloa borobiltzeko, urriaren 6 honetan (19:00etan) "Aurkikuntza berriak Errege Gordelekuaren bailaran (Luxor, Egipto)" izenburuko hitzaldia emango baitu Juan Ramón Pérez-Accino Picatoste egiptologo ospetsuak. Unibertsitate Konplutentseko eta Birkbeck College-ko (Londresko Unibertsitatea) irakaslea da, eta Egiptoko Deir el-Bahariko Errege Gordelekuaren indusketak zuzentzen ditu.

Gogoratu, bestalde, aste honetan bertan, Irungo Udaleko Memoria Historikoaren Bulegoak antolatutako 'Papillons, esangabeko hitza' erakusketa urriaren 16a arte bisita daitekeela. Emakume errepublikarrek kartzela frankistetan jasandako umiliazioen berri ematen dute bertan. Eta ondoren, urriaren 18tik 30era, nazien kontzentrazio-esparruei buruzko 'Deportazioa, bakardadea eta isiltasuna' erakusketak emango dio lekukoa Amical Mauthausen elkartearen eskutik.

Erlazionatuak