Andaluzia eta Madrilgo taldeak denak, Sr. Chinarro, Tiburona, La URSS, La Perra Blanco eta Mohama Saz ariko dira 17:30etik aurrera. Kontzertu guztiak dohainik badira ere, edarietarako edalontzia 2 eurotan emango dute "sarrera sinboliko eta lagungarri" gisa.
Pandemiak ere ez ditu Fenomena Festibaleko antolatzaileak gelditu. Eta azken bi urteotan, Jostaldin lehenik eta Kirol Kaian ondoren, neurri zorrotzekin antolatuta gorriak ikusi badituzte ere, aurten "normaltasun osoz" ospatu nahi dute zazpigarren edizioa. "Gorabehera guztiekin, bere horretan mantentzen da festibala, ongi errotuta dagoelaren seinale", dio Ernesto Villar antolatzaileetako batek. Irabazi asmorik gabeko Fenomanea kultur elkarteak lan handia hartzen du egun osoko festibala antolatzeko. Eta egunean berean 40 lagun inguru mobilizatuko dira.
Musikaren goi mailako kalitatea bermatzeko punta-puntako musika ekipoak bermatzen dituzte beti. Eta beraz, "horretan xahutzen duten dirua kontuan hartuta, musika talde handiagoak ekartzeko ez du ematen, baina rock estilo desberdinak eta une honetan pil-pilean dauden erreferentziazko taldeekin osatzen dugu beti kartela", azpimarratzen du Villarrek.
Ekimenari eusteko, Hondarribiko Udalak luzatzen dien dirulaguntzaz gain, herriko ostatu, komertzio eta enpresa txiki askoren ekarpena eskertzen dute. Eta urriaren 8an Kirol Kaian ospatuko den festibalean bertan, tabernan banatuko diren edalontziek 2 euroko prezioa izango dute, sarrera sinboliko eta lagungarri gisa. Halere, 17:00etatik 18:00etara 'happy hour' izango da, bi edari baten truke eskainiz.
Rock musika gozatzeko deia
Festibalak sona hartu du urteotan. Euskal Herri osotik datozen rockzaleez gain, urtero "Burgos, Soria, Bartzelona edo Parisetik ere" datorren jendea biltzen baita Hondarribian. Dena dela, bertako jendea hurbil dadin dute helburu. Eta horretarako, aurten 12:00etatik aurrera DJ lanetan ariko da jaialdian urtero modu batean ala bestean parte hartu izan duen Joseba Irazoki beratarra.
Kontzertuak, aldiz, 17:30etan hasiko dira. Tiburona talde madrildarraren txanda izango da lehenik, gero 18:30ean Sr.Chinarro. Eta atseden txiki bat egin ondotik, 20:30ak aldera 'La URSS' taldeak girotuko du kaia. Ilundutakoan, La Perra Blanco (22:15ean) eta Mohama Saz (23:30ean) borobilduko dute jaialdia. Talde guztiak Madril eta Andaluziatik datoz espreski Fenomena jaialdira.