N-121 errepidea egunero zeharkatzen duten 4.000 kamioiak A15ean nahi dituzte

Antxeta Irratia 2022ko urr. 5a, 00:00

Behobia eta Iruñea lotzen dituen N-121 errepidean 31 lagun hil dira istripuan azken 10 urteotan. Bortzirietako alkateek trafiko astuna Leitzarango autobidera desbideratzeko eskaera luzatu diote enegarren aldiz Nafarroako Gobernuari. 

Nafarroa osoan heriotz gehien duen errepidea da, bidasotarrok ongi ezagutzen dugun N121 delakoa. Azken 10 urteetan 31 lagun hil dira trafiko istripuan, eta beraz, puntu beltza denik ezin uka daiteke. Hala, Nafarroako Gobernuak martxan duen hobekuntza planaren aurrean, Bortzirietako herritarrek aspaldiko aldarrikapen bat berreskuratu dute. Bide hortatik egunero pasatzen diren 4.000 kamioiak Leitzarango Andoain-Irurtzun arteko A15 autobidera desbideratzea. Ladis Sastrustegi, Lesakako alkateak dioenez, "eskaera egina izan zaio Nafarroako Gobernuari, baina beti erantzun dute legeak ez duela halako neurri bat hartzea ahalbidetzen".

Pandemia hasi aurretik hainbat mobilizazio egin izan zituzten, eta N121 errepidea gurutzatzen zuten herri guztietako alkateek ez ezik, herritar plataforma bat ere eratu zen. Baina pandemiarekin ezer ezean geratu zen gero. Lesaka bezalako udaletan, aldiz, ez dute amore ematen, eta errepide horren arriskuaren aurrean borrokan jarraitzen dute. "Istripu larri bat gertatzen ez den arte ez da deus mugitzen", dio alkateak, "baina konponbide bat behar da denon onerako".

Erlazionatuak