Alokairu sozialaren eskaintza azkartzeko Irunen ezohiko neurriak eskatu ditu EH Bilduk

Antxeta Irratia 2022ko urr. 5a, 00:00

Azken urteotan koalizio abertzaleak udal gobernuan den PSE-EErekin 6 milioi euro inguru alokairu sozialera bideratzeko akordioa itxi badu ere, EHBilduren ustetan ez da aski irundarren beharrak asetzeko.

EH Bilduk Irunen alokairu sozialaren eskaintza emendatzeko urteotan egindako ahaleginak handiak izanik ere, udal administrazioaren abiadurak ez du Irunvi sozietate publikoan eskatzaile gisa izena emanak dauden irundarren etxebizitza beharrak asetzeko ematen. Azken hamar urteetan zerrendetan bildutako 2.000 eskatzaile ingururen perfila ere aldatu egin da. Babes Ofizialeko Etxebizitza nahiago zutenak ziren lehen ororen %80a inguru. Orain, aldiz, egungo egoera ekonomikoak bultzatuta alokairu soziala da eskaera nagusia. Behar honi erantzuteko, EH Bilduk ezohiko neurriak hartzeko eskatu dio udal gobernuari. Jokin Melida, koalizio abertzaleko bozeramaleak argitu duenez, "batezbestean 720 euro ordaintzen dira Irunen alokairu merkatu pribatuan, eta soldatak apaltzen ari diren garai honetan, ezin da onartu gazteek eta familiek euren diru-sarreren %70a edo gehiago alokairura bideratu behar izatea".

Urteotan EH Bilduk berak bultzatutako akordioei esker Alarde eremuan 10 alokairu sozialezko etxebizitza egitea lortu dute. Eta joan den iraileko osoko bilkuran 60 etxebizitza publiko inguru onartu ziren Alei eremuan. Eta San Migelgo plangintzan egingo diren 800 bizitokietatik parte bat alokairuzkoa izango bada ere, "proiektua erredaktatu eta etxe horiek zutik ikusi arte urte batzuk pasako dira".

Etxebizitza hutsen errolda

Hortaz, gehiago itxaron ezin dezaketen irundarrentzat alternatibak nahi ditu EH Bilduk. Melidak azaldu duenez, "duela bi legegintzaldi iada eskatu genuen etxebizitza hutsen errolda bat egitea, erabiltzen ez diren etxe asko merkatura atera daitezkeelako, baina udalak ez du halakorik egin", kexu da. Hau lehenbailehen egin dezatela ezinbestekotzat jotzen dute alokairu-erregimeneko etxebizitzen parke publiko hori pixkanaka handitzen joan ahal izateko. Izan ere, koalizio abertzaleak egin dituen azterketen arabera, 1.000 etxebizitza inguru lirateke hutsik hirian.