Grebari bost hilabetez eutsi behar izan diote garbitzaileek, ISSk negoziazioari bide emateko

Antxeta Irratia 2022ko urr. 4a, 00:00

Gaur PRECOn izandako bilkuran, enpresaren partetik "jarrera aldaketa eta balezko interlokutore" bat aurkitu dute langileen ordezkariek lehendabiziko aldiz. Negoziaketa aktibatu delakoan, urriaren 10ean hitzartu dira berriz ere.  

Gaur goizeko 11:30an bildu dira Donostiako Precon Hondarribiko udal garbitzaileen ordezkariak eta ISS enpresakoak berriz ere. ELAk dagoeneko aurreratua zuen Antxeta Irratian, bilera horretarako enpresak helarazia zien proposamena ez zutela onartuko. Izan ere, udal ordezkariek joan den astean egindako agerraldian enpresaren proposamen horren xehetasunak publiko egin zituen, eta langileek euren jarrera adieraztera behartuak ikusi zuten euren burua.

Horren arabera, Hondarribiko Udalak gainerako udal langileei segurtatzen dien soldataren urteroko %2ko KPIaren eguneraketaz gain, enpresak %1,5a gehitzen zuen proposamenak ez zituen greban diren garbitzaileak asetzen. Izan ere, soldata arrakalarekin amaitzeko eta "hilabeteotan eskaerak apaldu izan dituztela kontuan hartuta", udalaren oinarriaz gain, bost urtetarako %5eko igoera eskatzen dute.

Ez negatibo, ez positibo. Relatibo.

Gaurko bilkurarako beraz, karta guztiak mahagainean zeuden. Eta ELAko Xabier Etxanizek aitortu duenez, ez zuten esperantza handirik. Baina ezustekoa hartu dute. Urtarrilan lan gatazka hasi zenetik, eta apirilaren 29an greban sartu zirenez geroztik ere, "aurrenekoa aldia baita, enpresak balezkoa den interlokutore bat aurkezten duela, eta negoziatzeko prest agertzen dela". Malgutasun eta jarrera irekiagoa topatu dute oraingo honetan ISS enpresaren partetik. "Orain arte negatibo geundenean, gaur ez gaude positibo, relatibo baizik, eta matizak argitu beharko dira oraindik", dio Etxanizek. Baina proposamena aztertzeko abiapunturik bada bederen.

Urriaren 10erako hitzartu die enpresak, gaurkoan egin dien azken orduko proposamena aztertu eta langileek erantzun dezaten. "Momentuz proposamena ona ez da, baina eskabetxean jarriko dugu, gauzak asko findu beharko direlako", iragarri du ELAko ordezkariak. Orain langileekin asanbladan aztertu beharko dute. Baina bost hilabetez greba mugimenduari eutsi eta gero, lehendabiziko aldiz "negoziaketa martxan" jarri dela esan daitekeelakoan dago ELA sindikatua.