Larreaundi-Olaberriako auzo bizi-giroa indartzeko eginahaletan

Antxeta Irratia 2022ko urr. 3a, 00:00

Auzo elkarteak makina bat ekimen abiatu ditu ikasturte berri honetan. Auzoko eragileekin lankidetzan Kirolaren Eguna, Euskararen Eguna edota auzoko Haurrentzako Liburutegia martxan jarriko dituzte. Eta Auzo Plan estrategikoan, espazio publikoak aztergai dituzte.  

Asmo handiko ikasturtea abiatu du Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak. Pandemia ondotik eskualdeko aurreneko auzoa izan zen jaiak antolatzen, egundoko arrakasta lortuz. Baina besta gosearen ondotik, eta auzo elkartea odolberritu egin dela probestuta, ekimen andana bat abian jarri nahi dute. "Bizilagunekin batera eta auzoko elkarte eta eragile desberdinekin lanean ari gara, eraldaketa bat eman dadin", azaldu digu Mikel Valerok.

Auzo elkarteko kideak dioenez, "biztanle asko dituen auzoa bada ere, hiri-erdian dagoenez, badirudi bertako zerbitzuekin aski dela, baina auzo-bizia bultzatzeko bertan ere hainbat zerbitzu azpigitura behar dira". Horrexeagatik iaz Auzo Planaren proiektuari ekin zioten mugikortasuna landuz. Eta aurten espazio publikoa eta ekipamenduak izango dituzte hizpide. Horretarako bilera irekia antolatu dute auzo elkartean urriaren 16ean (19:00etan).

Baina hortaz gain, "baratza komunitario baten proiektua ere badugu, eta auzoak gune sozio-kultural baten beharra du ere", dio Valerok. Hortaz, zenbait kasutan udalari eskaera luzatuko diote, eta beste hainbatetan aldiz, auzolanean hobetu daitezkeen proiektuak gauzatzeko bizilagunak aktibatu nahi dituzte.

Udazkenerako ekimenak

Auzokideak diren eragileekin ere harremanetan sartu dira. Zentzu honetan, udazken honetarako hiru ekimen ari dira antolatzen. Abenduaren 3ko Euskararen Eguna antolatzeko auzoko Eguzkitza ikastetxeko guraso elkartearekin lankidetzan ari dira. Eta urriaren 4ean 18:30etan bilkura deitu dute antolaketan aurreratzeko. Gainera, aurten euskara ikastaroak ere antolatu dituzte auzo elkartean AEKren eskutik.

Urriaren 5ean ere, bilera deitu dute 19:00etan. Kasu honetan, aldiz, auzoan nahi duten Haurrentzako Liburutegia antolatzeko. "Parean elkarteak Eguzkitza ikastetxeko liburutegian egindako lan batetik abiatuta, haurrentzako ipuin-kontalariak eta literaturari lotutako jarduerak eskaini nahi ditugu auzoan, berdintasun baloreak landuz", iragarri du auzo elkarteko kideak.

Azkenik, eta urriaren 31rako Gau Beltza, edota abenduan gabonetarako Olentzero besta ere antolatzeko asmoa dutela ahaztu gabe bada ere, Kirolaren Eguna dute erronkarik handiena. Auzoan dauden kirol elkarteekin batera ospatuko dute urriaren 22an, "auzoak duen kirol eskaintza zabalaren" berri emateko. Olaketa gimnasioa, Leka Enea mahai-tenis kluba, Balazta bizikletaren aldeko elkartea edota auzoan sustraiak dituzten San Martzial eta Dunboa-Eguzki futbol taldeak dira aukeretako batzuk.

(Argazkia: Alaine Aranburu)

Erlazionatuak