36ko estatu kolpean herri milizietako Miguel Lorenzo Pascual (Pikoketan fusilatua) eta Olaberria auzoko 'Gorroaga' baserrian kolpistek harrapatuta desagertu zen Macario Roman Bretonen historia argitu du Irungo Udaleko Memoria Historikoko arloak.
2021eko irailan ateak zabaldu zituenetik, Irungo Udaleko Memoria Historikoaren arloaren ikerlanek fruituak ematen doaz. Azken urteetan egindako lanari esker, dagoeneko 1939-1945 urtealdian errepresaliatutako 3.100 irundar zerrendatuak dituzte. Eta bulegora hurbiltzen ari diren pertsonen arranguretatik tiraka, aurkikuntza berriak egiten dituzte memoria, justizia eta erreparazioaren bidean. Norbere senide bati buruz ikerketan dabilenari laguntzeko, eta ahalk bezainbat testigantza eta dokumentu biltzeko lanetan ari baitira. Eta oraingo honetan ere, orain arte ezagutzen ez ziren estatu kolpearen garaian errepresaliatutako bi pertsonen istorioa azaleratu dute.
Miguel Lorenzo Pascual
Miguel Lorenzo Pascual, Pikoketan fusilatua izan zen herri-milizianoarena batetik. «Norteko Geltokiko Batzorde Iraultzaileko» kidea zen bera, eta 35 urte zituen fusilatu zutenean. Treneko zerbitzari gisa lanean zebilen Irungo burdinbideetan. Eta 1936ko abuztuaren 10etik 11rako gauean desagertu zen Pikoketan. Ikerketen arabera, “seguruenik, preso hartu eta fusilatu egingo zuten, posizio hori babesten zuen gainerako soldaduekin batera”. Ondorio horietara iritsi dira Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentrotik berreskuratutako agiriak aztertuta.
1978an hasi ziren Pikoketan fusilatutakoen senideak antolatzen eta gorpuak bilatzen, baina Miguel Lorenzo ahaztuta geratu zen, seguruenik senideek ez zekitelako posizio horretan hil zela 1936ko abuztuan. Aitzol Arroyo, Irungo Memoria Historikoko teknikariak dioenez, “Marcelo Usabiagak ere aipatzen zuen ezagunak diren 14 milizianoez gain 20 eta 30 artean izan zitezkeela, eta haien gorpuzkinak Pikoketan jarraitzen dute hor nonbait”.
Macario Roman Breton
Bestalde, Macario Roman Bretonen historia ere argitu ahal izan dute. Madrilgoa izanik ere, Mercedes Postigo Bretonek, haren bilobak jo zuen udal bulegora kontsulta egitera, hau martxan jarri zela jakiterakoan. Eta teknikariarekin batera ibili dira ikerlana egiten. Errioxako Quel herrikoa jaiotzez, Bigarren Errepublikaren garaian, Irunera etorri zen 1934 inguruan. Macario Romanek fruta-denda bat zuen Zipriano Larrañaga kalean, eta Kale Nagusian bizi zen. Jakin ahal izan dutenez, militarrek estatu-kolpea eman zutenean, boluntario agertu zen kolpisten aurka egiteko, eta haren kamioneta erabili zuten San Martzialeko frontera elikagaiak, hornigaiak eta soldaduak eramateko. Abuztuaren 20an desagertu zen garaiko ‘Gorrua’ baserrian (gaur egun Gorroaga), Olaberria auzoan. Ávilako Artxibo Militar Nagusian berriki aurkitutako dokumentu batzuen artean, kolpistek abuztuaren 22an Nafarroako Komandantzia Militarrera igorritako txosten batean esaten da Macario Breton delako bat harrapatu zutela Olaberria inguruan. Bistan denez, deklarazio hartu eta ondoren fusilatuta hil zuten.
Ikerketaren arabera, Irungo hilerrian lurperatu zuten. Baina ez 1936ean, 1946an baizik, zegokion heriotza-ziurtagirian, 36ko abuztuaren 20ean gerra-ekintza batean zaurituta hil zela diolarik. “Litekeena da fusilatu eta hamar urte beranduago, ezagunen batek, gertatutakoa zekiena lurperatua zegoen tokitik atera eta hilerrira eraman izana”.
Haren biloba esketurik azaldu da bere aitonarekin zer gertatu zen argitu izanagatik. Udalak dokumentazioa biltzeaz gain, aitona desgaertu zen Olaberria auzoko inguruak bisitatzera joan dira berarekin, eta aholkularitza eman zaio amaren DNAren lagin bat ateratzeko. Halere, 1946an Irungo hilerrian lurperatu bazuten ere, gaur egun haren gorpuzkinik ez da gordetzen.
Pikoketako miliziano emakume bakarrak
Oroitarazi beharra dago, hau ez dela Memoria Historikoaren bulegoak egiten duen aurreneko aurkikuntza nabarmena. Joan den azaroan ere, Mertxe Lopez Cotarelo (16 urte) eta Pilar Valles Bikuña (18 urte) Gazte Komunistei aurpegia jarri zieten, Pikoketako batailan fusilatuak izan eta 85 urte beranduago. Garai haietan «Euzkadi en Catalunya» aldizkarian argitaratutako argazki bati esker.
Bulegoak zabalik jarraitzen du interesa duen edonorentzat. HAZ-SAC bidez hartu behar da hitzordua.