Gurutze Gorriak Arretxe Gainako aterpetxea ahalik eta azkarren utz dezaten presionatzen dituen bitartean, migratzaileen gaineko kontrola zorroztu egin dute mugan, euri erauntsien ondorioz Bidasoa ibaiaren emaria arriskutsu bilakatu duenean.
Urtetan izandako uda lehorrenean, Bidasoa ibaiaren ur emari eskaxak migratzaile askori errexki trebeskatzeko aukera eman die hilabeteotan. Baina azken orduetan emandako euri erauntsien ondotik, ibaia azkar eta zikin dator korronte handiekin. Azken egunetan Irun eta Hendaia arteko kontrol poliziala gogortu egin dela batetik, eta bestetik, Gurutze Gorriak Arretxe Gainako aterpetxean lo egin ahal izateko irizpideen baitan, migratzaileak berriz ere kale gorrian uzten hasi dela ikusirik, Irungo Harrera Sareak alerta oharra egin nahi izan du. “Irungo Gurutze Gorriak presioa sartzen die Hilanderaseko baliabideko erabiltzaileei, hasieratik esanez hiru gau bakarrik gera daitezkeela, eta presio horrek behar baino lehen alde egitera bultzatzen die, Hendaia eta Biriatura gurutzatzera behartzen dituzte, ahalik eta azkarren, beraien bizitzak arriskuan jarriz”, diote sareko kideek.
Hortaz, agintariei harrera integrala berma dezatela, eta frantses poliziaren kontrolak arintzeko neurriak har ditzatela eskatu diete. “Egoera honetan, presio horrek urduritzen ditu, eta migrazioa segitzeko bide arriskutsuak hartzen dituzte”, dio Josune Mendigutxia, Harrera Sareko kideak. Zentzu honetan, Irungo Harrera Sareak goizeroko harretan errepikatzen die migratzaileei Bidasoa gurutzatzea arriskutsua dela, eta pazientziarekin bide seguruetatik gurutzatu ahal izango dutela. “Halere, jakin badakigu oraindik bide hori hartzen jarraitzen dutela”, ohartarazten du bolondresak.
Antxeta Irratian esan duenez, “Santiago eta Behobia-Pausuko zubietan egon ohi diren poliziak, nabarmen ohi baino gazteagoak dira orain, eta estutu egin dituzte kontrolak, jarrera desatseginagoa, zorrotzagoa dute”. Iragan ekainean Eusko Legebiltzarreko EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemoseko ordezkariekin bildu ziren, eta presio hori kentzea eskatu zitzaiela gogoratzen du Harrera Sareak. “Hiru hilabete beranduago presioak berdina izaten segitzen du”, kexu dira.
Harrera Saretik bide ez seguruak hartu behar izanagatik, eta “migrazio politika hiltzaileengatik” gure eskualdea zeharkatzerakoan bederatzi lagunek bizia galdu dutela oroitarazi dute. Izen eta abizenak dituzten bederatzi pertsona: Tessfit Temzide, Abdoulaye Koulibaly, Yaya Karamoko, Sohaibo Billa, Mohamed Kemal, Fayçal Kamadouche, Ibrahim Diallo, Abdourramane Bah eta identifikatu gabeko pertsona bat hil dira gure eskualdean.