Urriaren 7tik 9ra bizilagunek proposatutako jaietako programazioa antolatu dute. Aurretik, aldiz, urriko lehendabiziko asteburuan auzo elkartea atondu eta hobetzeko lanetan ariko dira.
Aurten ez dituzte Amuteko errekan estropadak antolatuko. Baina pandemia oso baten ondotik, normaltasunera itzuli nahi du Amute-Kosta Auzo Elkarteak. Ahaleginetan ari dira helburu horrekin, heldu den urriaren 7tik 9ra doan astebururako adin guztietarako jarduerak antolatzen. Jaien antolaketa guztien artean egitearen garrantzia nabarmendu nahi izan du auzo elkarteak, eta bizilagunen bilera egin ondotik hasi ziren duela zenbait aste dena prestatzen.
Iñaki De La Fuente, auzo elkarteko kideak dioenez, “bizilagunen proposamenak jaso ditugu, eta aurten toka txapelketa berezi bat izango da herriko plazan bertan nobedade nagusia”. Mozorro lehiaketa, bikoteka pala txapelketa, futbolekoa, urriaren 8ko herri bazkaria, batukada, dantzaldiak eta hainbat animaziok osatuko dute hiru eguneko programazioa. Info eta apuntatzeko: auzoelkartea@amutekosta.com.
Auzo bizia
Dena dela, jaietan ondo pasatzeko bezala, lanerako ere, partehartzea bultzatu nahi dute. Eta urtero egin ohi duten legez, irailaren 30etik urriaren 2ra Auzolan deialdia luzatu dute. 2000 urte inguruan auzo elkartearen egoitza berriak ateak zabaldu zituenetik hobekuntza nabarmenak izan ditu. Baina urtero hartzen duten asteburu honi esker dela nabarmentzen du De La Fuentek. “30 bat lagunek parte hartu ohi dute konponketak eta hobekuntzak egiten”. Arotz lanak, elektrizitate, iturgintza edo paretak margotzea, beti bada zerbait denen artean egiteko. Hiru egunetarako deialdia luzatu dute auzo elkartean bertan. Ostirala: 18:00-20:00; larunbata: 09:00-20:00 eta igandea: 10:00-13:00.
Auzo elkarteko ordezkariak aitortzen duenez, halere, auzoa aldatzen ari da. “Haur gutxi jaiotzen da orohar, baina Amute bezalako auzo txiki batean asko nabaritzen da, eta etxe berri gutxi batzuk egin badituzte ere, zahartzen ari den auzoa da”, dio. Eta horrek betidanik auzoak izan duen izaeran eta bizimoduan eragiten du.
Nolanahi ere, jaiak izan ala auzolanetarako, Amute-Kosta Auzo Elkarteak bere horretan jarraituko du. Kostako errepidearen berrurbanizatzeko proiektua da une honetan gehien kezkatzen dituena. Udalarekin partaidetza prozesu batean aritu dira, baina aitortzen digutenez, “iritziak bildu dituzte, baina proiektuarekin ez gaude guztiz ados, gauza batzuk ondo daude, baina guk nahi duguna da aireportuko errepidea zabaltzea, eta auzoko errepide zaharra, auzoarentzat utz dezatela”.