Asteburu honetan emango ditu Hondarribiko azken bi saioak, “hilabete oso bat betetzeko” eman zezakeen arren. Baina urriaren 7tik aurrera Bortzirietan izango da lehen aldiz.
Normalean gure herrira etortzen diren zirkuak kanpokoak izaten dira, eta iristen diren bide beretik fite joan ohi dira. Baina duela zenbait urtetik honat, euskarazko lehen zirkua, eta bakarra, inguruan dabil adin guzietako euskaldunen harridura eta algara sorraraziz. Euskal Herriko txokoren batean. Uda honetan, adibidez, Orion 7.000 ikusle bildu eta gero, ‘Gure Zirkua’ren harmailak mukuru beteak egon dira bi asteotan Hondarribian egin dituzten emanaldietan. “Hilabete oso bat betetzeko eman zezakeen Hondarribiak, baina mugitzea gustatzen zaigu”, dio Iker Galartzak, proiektuaren eramaileak.
Hortaz, asteburu honetan eskainiko dituzte azken bi saioak, eta igandean karpa desmontatuta, Berara doaz. Bortzirietan lehen aldia du Gure Zirkuak sortu zenetik bere bost urteko ibilbidean. Beraz, Hondarribian hurbiltzerik izan ez duenak, “ez du aitzakiarik”, urriaren 7tik aurrera Beran izango du aukera. “Jakinda ere, Hondarribia eta Bera, ez dela gauza bera, baina eskualdeka joaten gara beti”.
Zutabe sendoak eta oinak lurrean
Eta ibilian-ibilian, hala bete dituzte bost urte. Hasiera batean bere burutazio bat izan zena, zutabe sendoak ditu gaur egun. Herri guzietara heldu baino lehen egon ohi baita jendea Gure Zirkuaren beha. Baina oinak lurrean dituztela argitzen du Galartzak: “Poliki goaz aurrera, pozik, jendea etorri badatorrelako, baina jakinda erakunde publikoen subentzioak ez ditugula izango, eta herriak eman beharko digula politikariek ematen ez dutena”. Halere, zirkua kultura denik ezin ukatu daiteke. Baina ez da bere tamainan baloratua. “Dantza, akrobaziak, gidoia, antzerkia, musika zuzenean dago… guztia hemendik jaiotzen da, lehenengo zirkua izan zen eta gero iritsi ziren gainontzeko guztiak, eta ez gara nekatuko hori aldarrikatzeaz, baina ez gera erotuko ere”, dio Galartzak. “Pena emanez eta negarrez ez da ezer lortzen”. Izan ere, barrea, harridura eta algara da haien bidea, eta ikusleek hori dute baloratzen. Eta agerikoa da, sarreren diruarekin ateratzen dutela proiektua aurrera.
Kontua da, Euskal Herria txikia izanik, ikusgarria eguneratu beharretan direla, etengabe nobedadeak eskaintzeko. “Gure malabaristak esaten du, Galartzak ez zuen zirku karpa bat erosiko udara bateko kapritxoa egiteko, zerbait geratzeko izan behar zuen”, azaltzen du Galartzak berak. Eta behar horretan, “malabareak bost beharrean zazpi bolarekin, eta salto mortala, ba hurrengo urtean doble mortala behar du, baina beti ezin bada ere, musika, gidoia, trukoak eta esketxak aldatzen ditugu magiari eutsi ahal izateko”.
Eta hari horretan, trapezista, malabarista, pailazo eta abeslarien harrobi ere bilakatu da Gure Zirkua dagoeneko. "Hasieran Japonian, Londresen edo Las Vegasen, atzerrian ibiliak ziren gure artistak, eta orain ikusten dute ogia Euskal Herrian ateratzeko aukera daukatela, baina aldi berean, gazteek ere ikusten dute gustatzen zaien hori bertan egin dezaketela, eta soldata bat atera", esaten du Iker Galartzak. Horregatik, dagoeneko 20 urte inguruko artista gazteak ere ari dira Gure Zirkuan haiekin lanean.
Gure Zirkuak etorkizunik badu beraz, eta bide horretan Hondarribia utzi eta Beran instalatuko da urriaren 7tik aurrera zortzi saio emateko prest. Eta sarrerak online saltzen badira ere www.gurezirkua.eus , aldioro, 20-30 sarrera han bertan saltzeko gordetzen dituztela aitortu digu, "despistatuentzako".