Eusko Jaurlaritzak iaz onartutako Plaiaundi-Mendelu-Amute bidegorriaren lanak laster mugitzen hasiko dira. Baina Ingurumen sailburuak aditzera eman dienez, trenbidearen hesia gainditu eta Pinudia-Anzaran eta Santiago-Dunboa lotuz, Santiagoko bidegorrira doan bigarren fasea ere martxan dago.
Txingudiko badiako hiru udalerriak lotuko dituen oinezko eta bizikletentzako ardatzaren proiektua ez da atzo goizekoa. Irungo EAJk 2013an luzatu zion proposamena Eusko Jaurlaritzari lehendabiziko aldiz. Eta orduz geroztik, azterlanak egin, administrazioen arteko adostasuna lortu eta, ekonomikoki ere, proiektua bideragarria egiteak luze jo du. Baina Xabier Iridoyk, Irungo EAJko bozeramaleak jakinarazi duenez, Amaya Barredo Ingurumeneko sailburuordearekin argitu du proiektua zertan den. Eta laster mugitzen hasiko dela iragarri die. “Eta ez bakarrik iaz Eusko Jaurlaritzak onartu zuen Plaiaundi eta Amute lotzeko bidegorria, Hendaia aldera Plaiaundiko institutotik Santiagotarrakeko bidegorriarekin lotzeko fasea ere abian da”, dio Iridoyk.
Horri esker, hiru herrien arteko bidea egituratu ahal izango da. Eta jeltzaleen ustetan, “mugikortasuna hobetzeaz gain, Plaiaundi inguratuz bertan dugun altxorrari begira bizi ere”. Hiriaren bihotzean dagoen parke naturalari bizkarra emanez bizi baitira irundarrak gaur egun. Zentzu honetan, iaz Eusko Jaurlaritzak onartutako bidegorriaren lehen fasearekin batera, Txingudiko padurako San Lorenzo urmaela handitzeko erabakia hartu zuen ere. Dena Europako dirulaguntza funtsak bultzatuta, 4,5 milioi euroko aurrekontu osoarekin.
Horiek hala, hamarkada bete ondoren, jeltzaleek mugikortasun jasangarriaren aldeko apostua tinko egina duela nabarmendu du. Eta bidegorri berria “uda honetarako ez bada, 2024ko udaran erabilgarri” egongo delakoan daude. Nolanahi ere, proiektu hau gauzatutakoan, Bidasoaldean urrats kualitatiboa emango dugulakoan dago. Izan ere, Bidasoaren ertzetik pasatuz, Hendaiako eta Hondarribiko hondartzak Irunekin lotzeko aukera emango du. “Baina Irun Hendaiarekin eta Hondarribiarekin lotzeaz gain, gure hiriko auzoak elkarren artean lotzeko aukera emango du ere, Plaiaundiko trenbideak eta barianteak suposatzen duten hesia gainditu eta Pinudia edo Anzaran auzuneak, Dunboa, Santiago eta Palmera-Monterorekin ere lotuz.