Gipuzkoako Foru Aldundiak Aurrekontu Irekietarako gorde dituen 2 milioi euroak, zertara bideratu hautatzeko aukera ematen du egunotan, herriz-herri bozka presentziala proposatuz.
Atzo Hondarribiko Martxoak 8 plazan herritarren bozka frango bildu eta gero, gaur Irungo Zabaltza plazan (11:00etatik 20:00etara) dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren #AurrekontuIrekiak ekimenaren gunea. Iragan udaberrian Gipuzkoako 88 herritan bildutako 2.398 proiektuetatik 36 proposamen finalista adostu dituzte, eta horien artean 10 hauta ditzakete gipuzkoarrek. Etxeko postontzietan jasotako gutunaren bitartez bozka daiteke edota internet bidez (www.gipuzkoa.eus/partaidetza). Baina urriaren 7a arte, herriz-herri ari dira bozkak biltzen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2 milioi euro bideratuko ditu hautatutako proiektuak gauzatzera, 2021ean bideratutako bikoitza. Diru asko izanagatik ere, aldundiaren aurrekontu osoaren %0,19a baizik ez du suposatzen. Hauta daitezkeen proiektuen artean, euskararen erabilera bultzatzeko, bidegorri sarea hobetu eta mugikortasun elektrikoa sustatzeko, gizarte zerbitzuen zein gazteria eta ekonomia arloko proiektuak topa daitezke.