ELA sindikatuak gogor salatu du atzo Hondarribiko udal gobernuak egindako agerraldia. Lan gatazka konpontzeko ekarpenik egin baino, negoziaketa mahaia baldintzatu eta lohituz.
Urriaren 4a arte ez dago beste bilerarik enpresa eta langileen ordezkarien artean. "Baina negoziaketan partehartzerik ez duela dion udalak, atzo bilera horretarako enpresak egin duen azken proposamenaren berri eman du, enpresaren bozeramaile lanak eginez", salatu du Xabier Etxanizek, ELAko ordezkariak Antxeta Irratian. Bistan denez, bost urtetarako, urtero %3,5eko soldata igoera (udalarekin aldez aurretik adostua zuten %2a barne) proposatu die enpresak. Gauzak horrela, negoziaketa baldintzatzea leporatu diote udal gobernuari, eta langileek oraindik aztertua ez zuten proposamena izaki, "onartezina" den igoera txikia baizik ez dela argitu du Etxanizek. Urriaren 4ko bileraren emaitza iragarriz. "Oraindik ere luze joko duen gatazka batetaz ari gara".
Udalaren aurpegi zuriketa
Bestalde, Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Mari Altuna 'Txisun' Ogasun eta Kontratazio ordezkariak egindako adierazpenei buruz, udalak berriro ere "aurpegi garbiketa" bat egin nahi izan duela dio ELAk, "erarik zabarrenean gainera". Etxanizen ustez, "ardura propioa hartu beharrean, langileei leporatu nahi izan die erantzunkizuna".
Beste behin ere, udala enpresarekin lerratu dela ulertzen dute, "enpresarekin bat etorri da denbora pasatzen uzten, eskutik doaz eta estrategia berdina dute", dio ELAko kideak. Eta langileen aldarrikapenak lohitu dituztela salatu du, Txisunek haien egungo soldatak eta negoziaketan proposatutako hobekuntzen datuak ematerakoan. Udalaren "inoperantzia estaltzeko" baizik ez dute egin. "Ez dugu entzun enpresa jipoitzen dutenik, gatazka luzatzen dutelako edo bileretara esku hutsik agertzen direlako".
Era berean, udalak egindako ahaleginak zalantzan jarri ditu ELAk. "Garbiketako partida bikoiztu zutela esaten dute, baina partida horretatik xentimo bat bera ere ez dute garbiketako langileek ikusi", dio Etxanizek. Azaldu duenez, langile berriak kontratatu zituzten, bertako Hitzarmenaren azpitik ordaindu zieten, eta aste beterako kontratuak egin zizkieten, astez-aste berritzen zizkietenak. "Datuak ematen hasi bada, udalak kontatu zezakeen ere prekarietateari nola ateak ireki diskie ISS Facility Servicek patrikak betetzen dituen bitartean", dio.
Bien bitartean, Satarka, Biteri, Bordari eskoletan eta Loraitz haurreskolan zikinkeria pilatzen doa. Horren aurrean, ELAk argi utzi nahi izan du grebalariak "baldintza duinetan lanera bueltatzeko desiratzen" daudela. Baina borrokan jarraituko dutela, udalatxearen aurrean protestak egiten eta ISSren "dirua gosea" salatzen.