Uzta eskaxagoa baina alkohol graduazio altuagoko sagardoa izango da datorrena. OLA sagardotegian lehen sagar muztioa biltzen hasi dira tolarean.
Ola sagardotegian 20. Sagar Eguna ospatuko dute larunbatean (Irailak 24). Horretarako egitarau oparoa prestatu dute. Arratsaldeko 17.00etatik aurrera: sagar erakusketa, sagar dastaketa, zizarra eta pittarraren probaketa, erromeria eta animazioa izanen da besteak beste. Iñaki Bengoetxea, OLA sagardotegiko nagusiak dioenez, "jendeak ez dio behar garrantzia ematen lehen sagar muztioa probatzeari, baina edonork ez du aukera tolaretik atera berria probatzeko".
Meaka auzoko Arantzateko lurretan, Ola sagardotegiak 3.000 sagarrondotik gora dituzte, eta euskal sagar sormarkarekin (ekologikoa) lan egiten dutelarik, ekoizpena segurtatzeko, auzoko Etxezabal edo Aranburu baserrikoak, Hondarribia eta Zarauzko euskal sagarra ere biltzen dute.
Aurtengo uzta biltzen eta tolarean estutzen hasiak dira. Eta uda oso lehorra eta beroa izan denez, horrek uztaren kopuru eta kalitatean eragin zuzena izango du. Bengoetxeak azaldu digunez, “iazko uzta oparoa izan zen, eta zuhaitzak nekatu egin zituen. Eta aurten lehorteak ekoizpen gutxiago eta sagarrak txikiagoak izatea eragin du”. Halere, horrek azukre kontzentrazio handiagoa ekarri du, eta beraz, datorren neguko sagardoak alkohol graduazio handiagokoa izango dela iragarri digu Olako nagusiak. “Tentuz edan beharko da zentzu horretan, baina zapore handikoa izango da, kontzentratuagoa”, argitu du.