Amalurrarekin jasangarriagoak izaten ikasteko astea proposatzen dute Hendaian

Antxeta Irratia 2022ko ira. 23a, 00:00

Klima aldaketa arintzeko eta trantsizio ekologikoa errazteko xedez, egungo gizartearen kontsumo eta bizimoduetaz hausnartzeko 18 jarduera antolatu dute Hendaian.

Hendaiako herriko etxeak eta CPIE-IHEZI Euskal Itsasbazterrak erakundeak bultzaturik, Garapen Jasangarriaren Astea antolatu dute irailaren 23tik urriaren 1era. Herriko hainbat eragile izan dituzte bidelagun programa osatzerako garaian. Hala, CPIE-IHEZIk berak euskal erlaitzaren bilakaerari buruz Asporotsttipi etxean antolatu duen erakusketarekin hasi, eta etxe garbiketarako produktuak eta kosmetiko naturalak ekoizteko tailerra, bizikletak eta elektrika-tresnak konpontzeko Recycl’Arte elkartearen tailerra edota Bil Ta Garbik azoka egunetan proposatuko dituen hondakinen sailkapenari buruzko sentsibilizazio egunak ere badira. Itsasoa ere izango da protagonista, belaontzian euskal kostaldea gozatzeko aukera emanez, eta itsas-biodibertsitateari buruzko matinal batekin (irailaren 28an).

Halere, antropozenoan murgilduta gaudela aitortuta, klima aldaketari buruz gizakiaren eraginaz hausnartzeko, eta trantsizio ekologikoaz bi hitzordu antolatu dituzte. Irailaren 28an (18:30an) Gazteluko merkatuan “Klima aldaketaren ondorioak” hitzaldia emango du Francis Morisset klimatologoak. Eta irailaren 29an “Permakultura trantsizio ekologikoa errazteko” hitzaldia emango du Mayi Lekuonak Baleak elkarteko solasaldien baitan.

Mayi Lekuona eta CPIE-IHEZIko teknikaria Laurence Elizetxek eman dizkigute xehetasunak.

Erlazionatuak