Eskoletako garbiketa ez ezik, hainbat udal bulegoetakoa ere, udalaren ardura dela oroitarazi du oposizioko talde nagusiak. «Konponbide erraza» daukalakoan, utzikeria leporatzen diote, ez baitute ulertzen gobernua «nolatan ez den mugitu hilabeteotan guztietan».
Joan den urtarrilaz geroztik sobera luzatzen ari den gatazkaren aurrean, Hondarribiko Udalaren jarrerarekin ez dago konforme oposizioko udal talde nagusia. Eskoletako garbiketa ez ezik, hainbat udal bulegoetakoa bermatzen duten langileak udal langile bihurtzea nahiko luke. Baina zerbitzua azpikontrata ereduan oinarrituta egonagatik ere, “zerbitzua bermatzeko ardura” udalarena dela oroitarazi du Igor Enparan bozeramaleak. “Zerbitzuaren gaineko kontrola eta kalitatezkoa dela bermatzea hari dagokio”, argitu du. Hortaz, afera ez dezala gehiago geroratu eskatu dio gobernu taldeari, eta “egoera honekin” amaitzeko urratsak eman ditzala, “enpresaren alde agertu beharrean, langileen lan baldintza duinak bermatuz”.
Igor Enparanen arabera, “konponbide erraza dauka arazo honek, baina horretarako udalaren borondatea ezinbestekoa da, eta ez dugu ulertzen nola den posible hainbeste hilabete ondoren mugitu gabe jarraitzea”. Herriko Loraitz haurreskolan eta Talaiako eskoletan bizi duten egoerak erantzun azkarrak eskatzen ditu, salto gela edo txikien lo egiteko sehaska gelak itxi behar izan dituztelarik, nabaria delako “egoera ez dela jasangarria, oinarrizko eskubidea den hezkuntza hunkitzen ari delako”.
Horren aurrean, Talaia guraso elkarteak irailaren 23an egin duen manifestazio deialdiarekin bat egin du Abotsanitzek. Eta udalari abenduan amaituko den garbiketa azpikontratuaren aurrean dauden “alternatibak aztertu” ditzatela eskatu dio. Baina bitartean, erantzun azkarrak borondate kontua direla nabarmendu du oposizioko taldeak. “Ez dago gehiago itxaron beharrik, bihar bertan konponbide bat eman daiteke langileen eskubideak errespetatuz”.