Baleak elkarteak hileroko azken ostegunetan solasaldi bat antolatu ohi badu ere. Hilabete honetan, aparteko hitzordua proposatzen digu irailaren 23 honetan ere. Ostiralean 'Komandantzia' liburu-aldizkaria aurkeztuko du bertan Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Udaberrian plazaratu zuten 1.000 ale argitaratuz, eta datorren urtean Euskal Herri osora eraman nahi dute.
Hendaian 1940ko nazien okupazio garaia ezaguna bada ere, Kepa Ordoki elkartea sortu zenetik, Bidasoa eskualdeko oroimen historikoa berreskuratzeko egindako ikerketek agerian utzi dute, naziak lehenagotik ere ibiliak zirela Bidasoaren bi ertzeetan. Koldo Salinasek hiru urte eman ditu ikertzen, eta aldizkariak dokumentazio eta irudi frangorekin erakusten duenez, Bidasoaren bi ertzeetan espioitza sare zabala antolatu zuten nazismoa, faxismoa eta frankismoaren sustraiak indarrez errotu zirelarik. Leku estrategikoa izaki, egindako ikerketaren emaitza da aldizkaria. Eskualdean nazien operazio gune bilakatu zen Irungo eraikinari men egiten dion 'Komandantzia'.
Baleakeko Solasaldia 18:30etan izango da ostirala honetan, euskara hutsez. Eta ondoren talo-pote eta zintzur-bustitzea izanen da.
Peli Lekuona, Kepa Ordoki elkarteko kidearekin hitzegin dugu.