Hondarribiko eskoletako garbitzaileen grebak "sine die" luzatzeko itxura hartu du

Antxeta Irratia 2022ko ira. 20a, 00:00

"Saguaren eta katuaren jokoan" sartuta daudela salatu du ELA sindikatuko Xabier Etxanizek atsekabetuta, irailaren 20 honetan Donostiako PRECOn izandako langile eta enpresaren arteko azken bileratik atera orduko. Erabakigarria izanagatik ere, bilerak ez du eskola eta udal bulegoetako garbitzaileen lan gatazka desblokeatu.

Atzo ELA sindikatuak Udal Gobernu taldearekin izandako bileraren hari beretik joan da gaurkoa. Udalak argi utzi dio sindikatuari ez duela negoziazioan eskuhartzeko eskumenik, eta langile eta azpikontrata enpresaren arteko negoziazioa haiei dagokiela, udalak baliabide ekonomikoak jarri aurretik. Aldiz, Xabier Etxanizek, ELAko ordezkariak salatu du udalarekin bilera eta enpresarekin egindakoa, bilera berbera izan dela. Izan ere, udala enpresarekin lerratzen ari dela salatu dute, kontratua luzatzeko "denbora irabazten" ari direlakoan. "Udalak argi utzi digu ez duela baldintza pliegu berririk atera nahi, eta beraz, kontratuaren luzapena nahi dutenez, enpresari atea parez-pare zabaltzen diote", dio Etxanizek.

Horren seinale da ELAren arabera, atzo enpresako ordezkariak udaletxean egon zirela alkatearekin bileran, eta langileekin biltzeko, aldiz, ez dutela Precora hurbiltzeko asmorik ere agertu. Telematikoki lotu baitira berriz ere, eta "esku hutsik" negoziazioa apropos luzatuz.

"Azeria oilotegia zaintzen"

Irailaren 29an hitzartu dira berriz. Haatik, tartean enpresak proposamenen bat helaraziko duelako esperantza dute, negoziazioan aurreratzeko. Izan ere, gatazka baitaezpada luzatuko da. "Eskoletako gurasoei iragarria genien hau gerta zitekeela dagoeneko joan den ekainean, baina hemen udalak du giltza, udalak jartzen du azeria oilotegia zaintzen, eta gu azeriarekin biltzen gara negoziatzera, baina ez dio hari presiorik ematen", dio Etxanizek.

Bien bitartean, Loraitz haurreskolan, eta Talaiako Satarka, Biteri eta Bordari eskoletan garbiketa zerbitzu minimoekin jarraitzen dute. Zikinkeria pilatzen doan heinean "egoera jasangaitza bilakatu da" gurasoen esanetan. Eta Talaia guraso elkarteak deituta, heldu den ostiralean (irailak 23an) manifestazioa deitu dute 17:00etan Biteri eskolatik abiatuta.

Langileek eta ordezkari sindikalak grebak eskoletan sorrarazten ari duen egoeraz jabetuak daude. Eta negoziatzen jarraitzeko prest daude konponbide bat bilatzeko. Baina enpresak eskaintzen duena langileen beharretatik oso urrun dago. Enpresak udalak segurtatzen duen soldataren urteroko %2az gain gehienez jota %1eko igoera eskaintzen duen bitartean, langileek 2011az geroztik berritu gabeko lan hitzarmenaren ondorioz jasaten duten soldata arrakalarekin bukatzeko, %5a eskatzen dute, eta nolanahi ere, KPIaren baitan erosmen ahalmenik ez galtzea.

Erlazionatuak