Elkartearen bazkide profila gaztetzen doa urtetik-urtera, ermakumeen ahalduntzeko ikastaro eta kirol arloko jarduera berriei esker. Aurten pala eskolari eta running taldeari segida emango diote.
Emeki emakumeen elkarteak urriaren 3an hasiko du ohiko ikastaroen eskaintza. Molla Ibilbideko Puntaleko eskola zaharrean duten egoitza “emakumeak lasai eta babestuak sentitzeko” ez ezik, haien arteko sozializaziorako gune izan nahi du. Hala, jantzingintza, trikota, yoga edota euskal dantza ikastaroekin jarraituko dute aurten ere. Eta nobedadeen artean, iaz Ane Bayok Emeki elkartearen laguntzarekin martxan jarritako running emakumeen taldeak sendotu diren heinean, aurten elkartearen eskaintzaren parte izatera pasako da. Astelehenetan 18:00etatik 20:15era bi talde, eta asteazkenetan ordu berean ariko dira maila eta adin desberdinetako emakumeak. “Gure burua zainduz eta kirola eginez ere ahalduntzen garelako”, dio Tamara Sastrek, Emeki elkarteko presidentak.
Zentzu honetan, elkartearen bazkide profila asko aldatu da azke urteetan. "Gaztetu egin da, ohiko ikastaroak baino askoz ere gehiago egiten dugulako: Emakumeen pala txapelketa, inauterietako mairuak edota urtean zehar antoaltzen diren ahalduntze ikastaroak ere", dio Sastrek.
Txikienetik ere hasten dira. Izan ere, asteartetan haurrentzako eta emakumeentzako pala hastapenetarako pala eskola antolatu dute. Eta Emakumeen Pala Txapelketa antolatzeaz gain, eskoletan ere bultzatzen ari dira txikien artean pala ahalduntzeko tresna gisa baliatzea. Une honetan, dagoeneko 15 ume dituzte horretan burubelarri.
Kale-izendapenen hurrengo geltokia, Mendelun
Bestalde, urteotan Emekik aurrera eraman dituen proiektuen artean "neketsuena baina emaitza ederrena eman duena" herriko kaleen berrizendapena izan da. Izenik gabeko kale edo plazak, herriko emakume edo kolektibo esanguratsuen izenekin izendatzea proposatu zuten. Udalaren begirunez, sei plaza izendatu dituzte orain arte. Eta zazpigarrena larunbata honetan 12:00etan egingo dute ofizial Mendelun. “Beti bilatu izan dugu auzotarrentzat esanguratsua izatea”, argitzen du Emekiko presidentak. Eta kasu honetan, Veronica Urkiola Lekuona plaza izango da. “Okindegi bat zuen auzoan, eta horretarako labea, eta auzokideak bertara joaten ziren labea erabiltzeko”, dio Sastrek, “asko egin zuen auzotarren alde, beti zegoen lanean eta laguntzeko prest".
Proiektua borobilduko dute horrela. Baina hemendik aurrera Hondarribian izendatu beharreko kale edo plaza guztietan, gizon eta emazteen izenak mahaigainean jartzea zerbait automatikoa bilakatzea nahiko lukete.