Aste erabakigarria Hondarribiko garbitzaileen gatazka argitzeko

Antxeta Irratia 2022ko ira. 19a, 00:00

Udala eta ISS enpresaren arteko eskuhartzea izan ezik, gatazkaren gainerako alde guztien arteko bilkurak egingo dituzte aste honetan, eskoletako osasun-baldintza kaxkarrekin kezkaturik, aterabide bat bilatu nahian.  

Hondarribiko garbitzaileen grebaren gatazkari aterabide bat bilatzeko prozesua azkartzen ari da. Momentuz, aurrerapauso handirik gabe. Baina aste erabakigarria izango da honakoa. Udal Gobernu Taldeak (EAJ) berriz dio beharrezkoa dela ISS enpresak eta grebari eusten dioten 13 garbitzaileek hitzarmena eguneratzeko akordio batetara heltzea. Baina Txomin Sagarzazu alkateak berretsi egin du udalak ez duela negoziazioan eskuhartzerik. Halere, azken asteetan alkateak berak enpresako ordezkariei akordio hitzartu batera iristeko, eta beraien lan baldintzei buruz hitzarmena eguneratzeko negoziazioei eusteko eskatu die.

Era berean, udal gobernuak ongi daki osasun baldintzak ez direla bermatzen ari eskoletan. Alkateak dioenez, txosten bat ere egina du ikuskaritzak, eta horrexeagatik ere, “udalari dagokion eskumenetan, Satarka eta Loraitzen zerbitzu minimoen barruan, pixoialak bildu ahal izateko” helegitea aurkeztu dute zerbitzu minimoen eskaeran.

Bilera erronda

Anartean, gauzak mugitzen hasiak dira ezker-eskuin. Gaur, astelehena irailak 19an ELAko ordezkari sindikalarekin bildu da udala, eta asteazkenean Talaia eskolako irakaslego eta Guraso Elkartearekin. Jakinik, tartean, irailak 20ean laugarren aldiz bilduko direla Donostiako PRECOn langile eta enpresa ordezkariak. Hirugarren bilera dute irailaren 8az geroztik.

Bien bitartean, Loraitz haurreskolan, eta Talaiako Satarka, Biteri eta Bordari eskoletan garbiketa zerbitzu minimoekin jarraitzen dute. Eta gurasoek deituta, heldu den ostiralean manifestazioa deitu dute 17:00etan Biteri eskolatik abiatuta. Eta Judas Arrieta artista hondarribitarrak eginiko logo bat ere plazaratu dute abiatu duten borrokaren ikur.

Erlazionatuak