Irailaren 22an Marcela Urizar Vergara ikerlari txiletarrak Atakamako basamortuan egindako aurkikuntzen berri emateko hitzaldia antolatu dute museoko Portua aretoan.
Udan 11.000 bisitari baino gehiago jaso eta gero, ikasturte berria indartsu hasi da Oiasso Erromatar Museoan. Bere ohiko dibulgazio lanetan jarraitzen dute. Eta aste honetan goi mailako aditu bat gonbidatu dute hitzaldi baten ematera, urpekaritzaren lehenengo froga arkeologikoen berri emateko. Marcela Urízar Vergara antropologo forentsea, bioarkeologoa eta ikertzaile txiletarrak hitzaldia emango du irailaren 22an (19:00etan). Atakamako Unibertsitateko adituak Huascoko portuan (Atakaman) aurkitutako giza hezur batzuen hondarrak aztertu ditu, 3.500 urtetik 11.000 urtera bitartean dituztela jotzen delarik, analisi makroskopikoaren arabera, 40-45 urteko gizaseme batenak ziren, eta entzunbideetan hezurrek ezohiko hazkundea dute. Deformazio hori urpekaritzarako egokitzapen fisiologiko bat dela ondorioztatu dute. Hortaz, urpekaritzaren praktikaren munduko froga arkeologikorik zaharrena da.
Hitzaldia Oiasso Museoaren egoitzako Portua gelan izango da, hilaren 22an, ostegunarekin, 19:00etan. Sarrera muxu truk.