Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandantea Arecesen (Asturias) hil zela 85 urte, eta Telesforo Monzonek 'Gudarien Eginak' olerki liburua idatzi zuela 75 urte betetzen direla aitzakia hartuta, Monzonen olerkiak abestuko dituzte euskal historian garrantzi handiko bi figura hauek omentzeko.
Bergarako Olaso Dorrea Fundazioak eta Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak antolatuta, aurreneko ekitaldia larunbata honetan goizeko 11.30an izango da Hondarribiko Itsas Etxean.
Uztailaren 23an Kandido Saseta omendu zuten Hondarribiko hilerrian. Baina haratago joan nahi izan dute. Memoria Historikoa "olerkietan eta herritarren ahoz-ahoko transmisioan" ere gordetzen dela sinistuta, musika, olerkiak eta historia uztartu baitute ekitaldi hau antolatzeko.
'Komandantziaz' hitzaldia Hendaiako Baleak elkartean
Bestalde, Kepa Ordoki elkarteak iaz plazaratu zuen 'Komandantzia' aldizkariaren aurkezpena egingo dute Hendaiako Baleak elkartean, irailaren 23an. Bidasoan nazien okupazioa 1931az geroztik eman zela argitu duen lau urteko ikerketa burutu dute, Koldo Salinasen eskutik. Eta naziek antolatua zuten espioitza sarearen adar luze eta sakonak Irunen ez ezik Hendaian presentzia nabarmena izan zuen. Egindako ikerketak agerian utzi du Bidasoaldea frankismoa, faxismoa eta nazismoaren babesleku izan zela.