Iritsi berriak integratzeko, hasiberrien maila hobetzeko eta bertakoen euskara zorrozteko eskaintza egiten du aurten Irungo AEKk

Antxeta Irratia 2022ko ira. 15a, 00:00

Iaz 220 ikasle iragan ziren Irungo AEK euskaltegitik. Aurtengo ikasturtean izena emateko epea zabalik dute, eta ilusio handiz ari dira ikasgelak eta behar materiala prestatzen egunotan. 

Hasiberrietatik titulazioak lortzerainoko etapa guztietako ikastaroak eskainiko dituzte. Aurten, aldiz, badira aparteko hiru eskaintza. C2 maila eskaera "urtetik urtera handitzen ari delako". Mintza ikastaroa ere proposatzen dute, erabilera eta elkarrekin ikasteko, eta Hika ikastaroa ere. Azken hau astelehenetan eta asteazkenetan 19:00etatik 20:30etara. Beñat Alzagak, Irungo AEKko arduradunak dioenez, "erabilerari begira beste kutsu bat eman dezake, eta Irungo herrian hedatu daiteke dinamika".

Bestalde, azken urteotan ikaslearen profila aldatzen ari dela azaldu digu. Gaur egun ikasleen gehiengoa hasiberria ala goi mailakoa da. Hasiberrien kasuan, Irungo errealitate soziolinguistiko eta demografikoari estuki lotua doa. Izan ere, irundarren %15 inguru atzerritar jatorria baitu. "Euskal Herrira eta Irunera iritsi berriak diren askok jotzen dute euskaltegira euskara ikasi nahian, integratzeko tresnatzat jotzen dutelako", dio Alzagak.