Juan Thalamas Labandibar kalea 30 eremu bilakatzea onartu zuten aho batez Irungo abenduko udalbatzan. Baina "interes ekonomiko eta politikoengatik" Udala eta Foru Aldundiaren "pilota elkarri botatzearen estrategian" ari dira adostutakoa ez aplikatzeko.
Red Ciudadana de Sevilla elkartearen ekimenez, eta Artiako Lagunak taldeak lagunduta, hainbat afitxa jarri ditu Irungo Azken Portuko zebrabidean, auzoak kiroldegi aldera gurutzatzeko duen bidegurutze bakar horren arriskuaz ohartarazi nahi dute. Abuztuaren 26an emakume irundar bat hil zen bertan trafiko ezbehar baten ondorioz. Eta lore xorta bat ere atxeman daiteke semaforoan bertan. 11 segunduko tartea baizik ez du ematen errepidea oinez gurutzatzeko, autoentzako argi berdea minutu eta erdi irauten duen bitartean. Aldiz, errepide horren abiadura mugak dira Artiako Lagunak taldeko kideak kezkatzen dituena. Eta aipaturikoa larria izanagatik ere, ez da hilabeteotan emandako istripu bakarra izan.
Zentzu honetan, joan den 2021eko abenduaren 23an Artiako Lagunak taldeak bultzatutako iniziatibaz, Juan Thalamas Labandibar kale hortako abiadura 30 km ordura apaltzeko mozioa onartu zuten Irungo udalbatzan. Aurretik, "ilegala" zen 70ekoa 50era murriztea lortu eta gero, hiriguneko 30 eremua bertara hedatzeko eskaera ahobatez onartu izana garaipentzat jo zuten auzokideek.
Haatik, orduz geroztik, 50eko seinaleak bere horretan jarraitzen dute. Eta Artiako 7.000 bizilagunek ibilgailuen isuriak eta kutsadura akustikoa ez ezik, bide honek egunero jasotzen dituen 25.000 ibilgailuen arriskua pairatzen dute oraindik ere. "Horietariko asko kamioi handiak dira, produktu arriskutsuak garraiatzen dituztenak", dio Alazne Izulainek, "garraio enpresek asko dute esateko, eta interes handia dute bide hau 30 eremu bilaka ez dadin", salatzen du Artiako Lagunak taldeko kideak. Zaisa Plataforma Logistikoa auzoaren gibelean dagoenez, haien ustetan, 30 eremua ezarrita, kamioi gehientsuenek autobidea erabiliko lukete alternatiba azkarrago gisa.
Pilota elkar botatzearen estrategia
Jose Antonio Santano alkateari abenduan udalbatzan onartutakoa Gipuzkoako Foru Aldundira eraman dezala, eta akordatu dezatela galdegin diote. Arartekoari ere eskatu diote laguntza, baina ez dute deus aurreratu ahal izan. Hortaz, Mugikortasunaren Astea ospatzen den egunotan, "agintarien zurikeria kanpaina" leporatzen diete agintariei, eta "pilota elkarri botatzearen estrategiarekin bukatu dezaten behingoz eskatuko genieke".
Bestalde, udalaren "kotxezentrismoan oinarritutako politikak" salatu ditu. Irungo hiriko espazio publikoaren %75 autoari bideratuta dagoela diote, eta erdigunea peatonalizatzeko ahaleginetan ari diren honetan, auzoek ere halako neurriak merezi dituztela. Azken urteotan Artian aparkaleku berriak ugaritzeaz gain, auzokideek eskatu dituzten berdeguneak ez baitira gauzatu. Eta errepide nagusiak egunero jasotzen dituen 25.000 ibilgailuen kopurua handitu besterik ez dela egingo aurreikusten dute. Horretan hirigintza proiektuek zeresan handia dute haien aburuz. "Pasquier-Recondon etxeak egin nahi dituzte, Mendipen eraikitzen hasiak dira, Lastaola-Postetxeko promozioa ere hor dago, ia 1.000 etxebizitza berri dira guztira, eta horiekin bakarrik milaka kotxe gehiago izango dira errepide hau bera erabiltzen".