Hondarribiko eskoletako garbitzaileen gatazka narriatu du ISSk, azken bileran "miseria onartezina" eskainiz

Antxeta Irratia 2022ko ira. 14a, 00:00

Bost urteko akordioa proposatu diete %0,75 eta %1eko soldata igoerarekin, eta libre disposiziozko egun bakarra. "Langileak pobretu ala asko pobretzeko" eskaintza dela salatu du ELA sindikatuak.  

Atzo bildu ziren hirugarrenez, ISS Facilitie Services eta Hondarribiko udal garbitzaileen ordezkariak greba mugagabeari amaiera eman nahian, akordio bat bilatzeko. Baina irailaren 8ko bilkuran enpresa "esku hutsik" etorri bazen ere, argi geratu zen langileek ez zutela eros ahalmenik galduko. Gogoan hartu behar da gainera, Hondarribiko Udalak udal langile eta funtzionarioekin adostua duen gutxieneko %2ko soldata igoera segurtatua zietela ere garbitzaileei, azpikontratako langileak izanagatik ere.

Atzokoan, aldiz, borrokatzen ari diren lan hitzarmen berria eta soldata arrakalarekin bukatzeko, ez zuten urratsik eman ahal izan. ELA sindikatuak dioenez, irailaren 8an egindako planteamenduari uko egin dio enpresak. Eta sindikatuko Xabier Etxanizen arabera, "enpresak langileak pobretu edo asko pobretzeko proposamen bi egin zituen". Ekonomikoki "eskaxa eta oso eskaxa da eskaintzen dutea", bost urtetarako akordioa urtean %0,75 edo %1eko soldata igoerekin. "Miseria horren aurrean, zur eta lur geratu ginen, negoziazio posible guztiak dinamitatu dituzte", dio goibel, "eta agerian geratu da enpresa propio ari dela gatazka luzatzen, eta Hondarribiko Udalak keinuak egin ditu enpresa bere lekuan jarri duelakoan, baina ez du deus jarri bere partetik, enpresa eta udala eskutikan doaz".

Zentzu honetan, enpresak azpikontrataren prorroga automatikoa lortzeko interesa duela ohartarazi du ELAk. Eta beraz, "denbora irabazten ari dira" eta enpresa "fede txarrez" jokatzen ari denez, udalak kontratua eteteko klausularen aukera duela.

Lan gatazka luzatuko da

Irailaren 20ean bilduko dira berriz ere, goizeko 11:00etan. Eta asteazken honetan langileen asanbladak proposamenak aztertuko dituen arren, argi dute "miseria hori onartezina" dela. "Borroka honek duintasunean du helmuga, eta hortikan behera ez gara jetsiko", iragarri du Etxanizek.

Talaia guraso elkarteak iragarri dituen mobilizazioen harira, Satarka, Biteri eta Bordari eskoletako garbiketa egoerari buruz, haien kezkarekin bat egiten dute grebalariek. Baina ELAko ordezkariak iragarri duenez, "zoritxarrez, gatazkak luze joko du oraindik, ikusi dugu nortzuk ditugun aurrean, ez dute inolako asmorik hau konpon dadin, eta grebalariak banatzen saiatuko dira agian, baina sendo jarraitzen dute akordio duin bat lortu arte".