Higertokik 2019ko udan Zaldunbordako eremuan baimenik gabe txikitutako 2 hektarea erriberako zuhaitzen habitata lehengoratzeko exijitu dio Eguzki talde ekologistak Hondarribiko Udalari. Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoa intereseko habitat da Europar Batasunaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eginiko ingurumen inpaktu txostenak arrazoi eman die 3 urte ondoren.
EAEko auzitegiek herriko HAPOa deuseztatu eta Outel Village delako makro-outlet proiektua gelditu zen gero, lege-babesik gabe geratu zelako. Baina Eguzki taldeko Karlos Muruak dioenez, "ordurako eskua sartua zuten eremuan". Oposizioko udal talde nagusiak, Abotsanitzek ere Higertoki enpresaren ekintza hura salatu zuen Irungo ertzain-etxean, baina Eguzki talde ekologistak dio naturaren kontrako erasoetan administrazioa "pasiboa eta permisiboa" dela. Karlos Muruak gogoratzen duenez, Zaldunbordako maroproiektua zela eta, "garai haietan denok geunden horren gainean, eremu hura fokupean zegoelako, eta hala ere atentatu ekologiko hori burutu zuten". Horrenbestez, ardurak zuritzea eskatzen dute. "Ingurumenaren aurkako erasoak arautuak daude, eta horren araberako isunak ere, eta horrelako ekintzak ezin dira ordaindu gabe gelditu, denak ez du balio", dio Muruak.
Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak hala galdegin diola jakinda, Hondarribiko Udalari "lehengoratze lanak lehenbailehen enkargatzeko eta martxan jartzeko" eskatu diote. "Negu hontan bertan ahal bada", sasoi egokia delako landatze eta halako lanetarako.