GURASOEKIN eta GAZTEEKIN programak aurkeztu ditu gaur Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak. Gurasoen kasuan 26. urtea dute (1.000 guraso baino gehiagok parte hartu dute dagoeneko), baina belaunaldiz-belaunaldi seme-alaben heziketan eta eguneroko famili-harremanetan sortu ohi diren gatazkak bideratzeko laguntza beharrak dituzten guraso berririk ez da sekulan falta. Seme-alabek ez dakartzate gidalibururik besopean, baina psikologo talde profesional baten gidaritzapean, lantalde saio dinamika hauetan, norbere gidaliburua osatzeko tresnak eskaintzen dituztela azaldu digu Andrea Aranguren Elosegi psikologak.
Lau talde hamabostean behin biltzen dira, eta 12 saio egiten dituzte ikasturtean zehar (talde bat 0 eta 5 urte arteko seme-alabak dituzten gurasoentzat, beste bat 6 eta 11 urte bitarteko haurrak dituztenentzat eta bi talde nerabeen gurasoentzat). Beste hiru talde astero biltzen dira, laguntza-behar handiagoa duten aita-amei zuzenduta. Bestalde, aurten 0-2 urteko seme-alabak dituzten gurasoentzako aparteko taldea sortu dute, gurasoen eskaerari erantzuteko.
Aldiz, programaren eramaileek gizonezkoei deia luzatu diete aurten. "Partehartzen duten 10etik 9 amak dira, beraz, gurasotasuna bizi eta seme-alaben heziketan eta garapenean inplikatzera animatzen ditugu", dei egin du programaren eramaileak. Izan ere, gurasotasun positiborako prestakuntza eta orientazioa lantzen da, "heziketa eta famili-harreman osasuntsuak lortzeko".
Gazteen bizitzarako trebetasunak
Gurasoek beren kabuz joan ohi diren bitartean, talde dinamika hauetan nerabeak "behartuta" joan ohi dira lehen saiora. Gazteekin programa 12-17 urte bitarteko gazteek bizitzarako trebetasunak eta tresnak garatzen laguntzeko tailerra da. Eta dinamikan sartzen diren heinean, "eraginkorra eta baliagarria zailea ikusterakoan" askok urtez-urte errepikatzen dutela dio Arangurenek. "Nerabezaroa aldaketa handiak ematen diren garai bat da, gatazka bizian, senideekin, lagunekin, lehen bikote harremanak ematen direnean, dena aldatzen da", azaltzen du.
Hargatik, asertibitatea, enpatia, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak, berdinen arteko laguntza-harremanak, gatazkak konpontzeko estrategiak... denetarik lantzen dute 12-14 eta 15-17 urte arteko lantalde desberdinduetan.
Tailer guztiak doakoak dira eta Irungo Palmera-Montero gunean biltzen dira. Izena emateko epea irailaren 15etik urriaren 15era zabalduko dute. Xehetasun gehiago www.irun.eus.