Irailak 13an ISS azpikontrata enpresak minimoetako lehen proposamen bat aurkeztu die garbitzaileei. Lan gatazka hasi zenetik 9 hilabete iragan direnean, "negoziatzeko abiapuntu xume bat izan daitekeen arren" asanbladan ongi aztertuko dutela iragarri dute langileek. Baina akordio bat itxi bitartean greba mugagabearekin jarraituko dute. Hurrengo bilera irailaren 20ean hitzartu dute enpresa eta Precoko bitartekariarekin.
Bitartean, Talaia guraso elkarteak 75 lagun bildu zituen irailaren 12an egindako batzarrean. Garbitzaileen greba mugagabea indarrean dela hasi zuten atzo ikasturtea Biterin, Satarkan eta Bordari eskola publikoetan, baita Hondarribiko Loraitz haurreskolan ere. Eta aipatutako negoziaziorako hirugarren bilerak emango duenaren zain, ez dute geldirik geratzea erabaki.
Klaseak jolastokian emateko asmoa ez dute baztertu oraindik, arazoari ikusgarritasuna emateko prest agertu baitira gurasoak. Irakaslegoaren klaustroak, aldiz, ez ditu haurrak gatazkan erabili nahi. Halere, mobilizatzera joko dute. Ertzaintzaren baimena jasoko duten heinean, irailaren 23an herriko kaleak hartzeko mobilizazioa antolatzen hasi dira. Eskola guztietatik pasa, San Pedro kalean euren haserrea azalerazi eta udaletxe aurrean bukatuko den manifestaldia egitea erabaki dute.
Aldi berean, Hezkuntza ikuskariari eta Hondarribiko Udalari idatzi bana igorriko diote.