Haurrendako antzerkia euskaraz irakatsiko du Chimers antzerki elkarteak Hendaian

Antxeta Irratia 2022ko irailaren 12a

Euskaraz antzerkia ikasteko parada izango dute 8 eta 11 urte arteko gaztetxoek Hendaian ikasturte honetan. Irailaren 29an hasiko dira ikastaroak, Chimères antzerki elkarteak egiten duen proposamen berriari esker. Elkarteko David Ondars-ek azaldu digunez, lotsa galtzen ikasteaz gain edo ahozko hizkuntza lantzearekin batera, "jokoa, besteekin aritzea, talde lana biziki inportantea den talde lana" ere lantzen denez, haurraren garapenerako tresna aski baliagarria da. Interesa duen ororendako irailaren 20ean (19:00) bilkura informatiboa antolatu dute Denentzat gelan.

Bestalde, Hendaiako herriko etxearekin partaidetzan proposatutako ikastaroak izanik, diruz sustengatzen du. Horri esker, urtean 80 euro baizik ez dira ordaindu beharko.

Ondars-ek esan digunez, ekainaren 10eko asteburuan ikusgarri bat eskaintzeko asmoa dute Mendi Zolan kulturgunean. Horri begira, ikasturte hasieran antzerkiaren oinarriak landuko dituzten bitartean, urtarriletik goiti antzezlan horren prestaketa lanetan hasiko dira.

 

Erlazionatuak