Irailaren 16tik 22ra bitartean Mugikortasunaren Astea ospatuko dute eskualdeko udalerriek. Hondarribiak, Irunek eta Hendaiak, norbere ekintza programa antolatuko badu ere, bizikleta ardatz izango duten jarduera amankomun zenbaitzu antolatu dituzte elkarrekin. Bidasoa-Txingudi mugazgaindiko partzuergoko presidentea, Miguel Angel Paez pozik azaldu da, bigarren urtea delako partzuergotik hiru herriek ekintza amankomunak antolatu dituztelako. "Hiru udalerriok indarrak batu ditugu, denoi hunkitzen gaituen arazoa delako, eta norbere ekintzak eta erronkak baditu ere, auto partikularrari alternatibak bilatzeko eta mugikortasun jasangarriaren alde urratsak ematen joan behar dugulako".
Txirrinda edonon eta nornahik
Helburu horrekin, 'Konbinatu eta mugitu!' lelopean haur txikienentzat eta helduentzat bizikletaz seguru ibiltzeko ikastaroak proposatuko dituzte hiru herrietan. 'Village velo' izenburupean mugikortasuari lotutako azoka egingo dute. Irunen, irailaren 17an 17:00etatik 20:00etara Zabaltza plazan. Hondarribian, irailaren 18an Kasino Zaharreko lorategietan 11:30etik 14:30era. Eta Hendaian, Gaztelu Zahar pilotalekuan izango da, irailaren 21ean 15:00etatik 18:00etara.
Bestalde, adineko pertsonek hirian zehar bizikletan ibiltzeko aukera dagoela, eta segurtasunez egiteko hiru orduko ikastaroa proposatuko zaie. 'Nagusikleta' izeneko tailer hau ere hiru udalerrietan proposatuko dute. Irunen, irailaren 19an Behobiatik Oxinbirilera eta Santiagora bidegorriz egiteko. Irailaren 20ean Hondarribian, 16:00etatik 19:00etara Butroi paselakeutik kirol portura. Eta Hendaian, irailaren 22an Hondartzako Haizpean zahar-etxetik abiatu eta erlaitzako bidean, eta itzulian hondartza eta Txingudiko badiako bidegorritik.
Aipatutakoez gain, irailaren 18an bizikleta martxa antolatu dute goizeko 11:00etan Zubimuxuko biribilgunetik abiatuta. Hondarribian, Kepa Lizarragak bizikletaren paperari buruzko hausnarketa egingo du irailaren 16ean "Bizikleta eta Osasuna" hitzaldian. Eta irailaren 17an bizikleta jaia antolatuko dute Hondarribian. Hendaian, aldiz, San Vicent eskola taldea klasera bizikletaz joateko eta itzultzeko deia luzatu die familiei irailaren 26tik 30era. Eta irailaren 21ean, bizikletaz orientatzeko lasterketa bat ere antolatu dute.
Erronka desberdinak abian
Hondarribian iaz Portua auzoan bizikletari lehentasuna emateko proiektua bertan behera utzi behar izan zuten arren, bidegorri sarea hobetzen doaz. Eta Amute-Kostako proiektuaz gain, asteotan Donosti kalean bezala, herriko 14 kale nagusietan bizikletak bere lekua ukan dezan lanak martxan dituzte.
Hendaian ere, 20 kilometro bidegorri sarea dute gaur egun. Azken urteetan emandako "urrats handiak" ez ezik, aurki hasiko dituzten Errepublika plazaren eta hirierdiaren arraberritze proiektuak ere, bizikleta eta oinezkoak izango ditu giltzarri. Itziar Aizpurua, Hendaiako herriko etxeko hautetsiak laburbildu duenez, "Hendaiako auzo guztiak bidegorri lotzeko hainbat hobekuntza egin dira azken urteetan, tren geltokia, hondartzako arraberritzean, Bidasoa ertzeko pasarela Intzura auzoarekin lotzeko edota Abadia auzunea eta erlaitza".
Baina Irunen dute, beharbada, erronkarik handiena. Europar Batasunaren irizpideei jarraiki, Espainiako Gobernuaren Klima Aldaketaren Kontrako Legeak hirigunea Zero Isuri Eremu bilakatzera behartzen baitu 20.000 biztanletik gora dituen hiriak. Zentzu horretan, hainbat kale paetanolizatzeko lanak hasi dituzte egunotan. Eta Borja Olazabal, Mugikortasun udal ordezkariak azaldu duenez, Mugikortasun Planak zehaztuko du hirigune eremu hori nondik-nora joko duen. Baina bitartean, bizikletaren aldeko apostua ez ezik, garraio kolektiboaren aldekoa ere egina dute. Zentzu honetan, L1 (Behobia-Ospitalea) IrunBus linea elektriko bilakatu ondotik, dagoeneko L2 linearako (Landetxa-San Juan) autobusak erostea enkargatua dute. "Horiei esker, Irungo autobus bidaiarien %90a bus elektrikoetan mugitu ahal izango dira", azpimarratu du Olazabalek.