Hondarribiko garbitzaileen "gatazka dilatatzeko maniobra lotsagarriak" leporatu dizkio ELAk azpikontrata enpresari

Antxeta Irratia 2022ko ira. 9a, 00:00

Irailak 8an, Hondarribiko alarde egunean, udal azpikontratako herriko garbitzailea Donostiako PRECOra hurbildu ziren. ISS enpresarekin ekainaren 29an hitzartutako bilkuran espektatiba handiak zituzten lan-gatazkari aterabide bat bilatzeko. Izan ere, ekainaren 29an egindako aurreneko bilera hartan (enpresa telematikoki), irailak 8an proposamen zehatz batekin etortzeko hitza eman zuen enpresak.

Baina "esku hutsik" azaldu zirela salatu du ELA sindikatuak. "Gure harridurarako enpresa agertu zen galdezka ea zein diren puntu nagusiak, eta esan genien bilera hori ekainaren 29an egin genuela, eta urtarrilaren 10etik aldarrikapenak argi daudela, orain negoziatzeko garaia dela", dio ELAko Xabier Etxanizek. Halere, irailaren 13an hirugarrenez biltzeko deia luzatu die enpresak. Baina bideokonferentziaz berriz ere.

Enpresaren maniobrak

Sindikatuak argi du ISS Facility Services-en "gatazka denboran luzatzeko maniobra" berri bat izan dela. Izan ere, udalak enpresa honi esleitua dion udal bulego eta eskola publikoen garbiketa zerbitzuaren kontratua prorrogatzea interesatzen zaio. Urtean ia 1,2 milioi eurokoa da kontratua. "Esperpento bat izango litzake hori, eta ikusita enpresaren jarrera zein den, bada momentu bat non udala plantatu beharko den, eta kontratua etetea erabaki beharko duen", azaltzen du Etxanizek.

Izan ere, gatazka sobera luzatzen ari da. Eta irailaren 12an Satarka, Biteri, Bordari eskoletan eta Loraitz haurreskolan garbiketa zerbitzu minimoekin hasiko dute ikasturtea. Talaia guraso elkartea astelehenean bertan batzartuko da neurriak aztertzeko. Baina eskolan osasun baldintza minimoak betetzen ez direnez, klaseak jolastokian emateko prest daude.

Langileek ez dute amore emango

Garbiketa taldeko 19 langileetatik greba mugagabean dauden 13ak Donostian izan ziten atzo. Uda osoa itxaroan egon eta gero, espektatiba handiak zituzten, baina "bilera absurdo horietako bat izan zela ikusita zur eta lur geratu ziren", dio goibel ELAko ordezkariak.

Langile komiteko Arantxa Amunarrizek argitu duenez, "egia esan ez genuen proposamen bat espero, zerbitzu minimoa %100ekoa eskatu zutelako udalarekin adostuta, baina bai negoziazioa hasi ahal izatea". Abuztuan atsedena hartuta, eta 110 greba egun bete dituztenean, indarrak berritu dituztela dio, baina udala eta enpresaren jarrerak "borrokan jarraitzeko gehiago berotu" dituela aitortzen du. "Adarra jotzen ari digute, gatazka luzatuz eta grebara bultzatu digute urtarrilaz geroztik" esan du Amunarrizek Antxeta Irratian.

Bestalde Talaiako ikasle, irakasle eta gurasoekin pentsatzen dutela hitz ematen du langileen ordezkariak. "Haien lekuan jartzen gara, ulertzen dugu oso zaila dela, baina denbora asko daramagu borrokan, eta ulertu behar dute guk orain ezin dugula gelditu". Zentzu honetan, Talaia guraso elkarteak klaseak kalean emateko protesta neurria, udalaren jarrera aldatzeko lagungarri izan daitekeela ulertzen dute grebalariek.