Plastiko beltzik gabe, alardearen gatazka konpontzeko bidea argitzen doa Hondarribian 25 urte ondoren

Antxeta Irratia 2022ko ira. 8a, 00:00

Txaloak bizkarra emateko keinuei gailendu zaizkie aurten Hondarribiko alardean, bere 25. urtemuga ospatzen duen Jaizkibel konpainiaren ibilbidean. Aurreneko aldiz, betiko alardearen aldekoek ez dituzte plastiko beltzak erabili Kale Nagusian.

1996an Hondarribiko alardeko burgomaisua zenak esan zuen, emakumezkoek alardean, senarraren jantziak plantxatzen hartzen zutela parte. Asko aldatu dira gauzak Jaizkibelen 25 urteko borrokaren ondotik, eta konponbidea hurbilago dagoela uste dute konpainia parekidean. Babes soziala handitzen doalako, eta herrian zerbait aldatzen ari delako.

Aurten, ez da aldaketarik eman alardearen ospakizunean, ez funtsean, bai aldiz sakonean. Jaizkibel konpainiaren ustez, "herrian jendeak beldurra galdu du iritzia emateko, eta konponbidea hurbil dago". Borondate kontua besterik ez dela diote. Zentzu horretan, Jaizkibel konpainiak "gehiago itxaron gabe" hilabeteko epean konponbidearen aldeko mahai bat eratu dezala eskatu diote Txomin Sagarzazu alkateari.

Emekiren urratsa

Aldaketaren irudiko dugu ere, Hondarribiko Emeki emakumeen elkarteak plazaratu duen oharra. 25 urtetan aurreneko aldiz, emakumeen erabakitzeko eskubidearen alde agertu da. Diotenez, Hondarribian dagoen gatazka emakumeak alardean desfilatu ahal duen edo ez erabakitzetik haratago doa. "Gatazka honen oinarria emakumeek askatasunez aukeratzeko duten eskubideaz eta epaituak izan gabe iritziak eta pentsamenduak azaltzeko eskubidean dagoelako". Emekiren ustez, "agintariak dira egoera honen erantzule", eta hondarribitarren artean "min handia sortu duen gatazkari konponbide bat bilatzea" eskatu du elkarte feministak.