'In extremis' esan ohi den bezala, itxi zuten atzo eskola garraiorako prezioen akordioa, garraio enpresek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Bekadunek eta zonfikazioaren arabera eskola garraio eskubidea dutenek ez dute kezkatu beharko. Baina eskola garraioa ordaindu ohi dutenentzako eta guraso elkarteen bitartez antolatzen diren aparteko autobus zerbitzuen tarifak %24,1 garestitzea erabaki dute ikasturte berri honetarako. Inflazioa eta erregai gastuei aurre egin ezinik daudela kexu dira garraio enpresak, eta negoziaketa azken muturreraino eraman dute.
Lapurdin bederatzi bider
Hendaian, aldiz, eztabaida handia ekarri du ikasturte hasieran haurren eskola garraioaren garestitzeak ere. Hendaiako Irandatz lizeoko gurasoak agorrilan mobilizatu ziren Hirigune Elkargoak hartutako erabakiaren ondorioetaz kexu. Izan ere, garraio kolektiboen erabilera sustatzeko neurri gisa, orain artean eskola garraioa baliatzen zutenei, Txik Txak hileko abonamendua egitera behartu diete. Horri esker, autobus linea guztiak baliatzeko aukera ematen zaie eskolako autobusaz haratago. Baina iaz 10 euro ordaintzen zuten bitartean, abonamendu berriak 90 euro kostatzen du.
Honi aurregiteko, Hendaiako CCAS Gizarte Laguntzarako Zentroak dirulaguntza linea berri bat ideki du. Baina bertako zuzendariak, Txomin Elizondok azaldu digunez, familia diru sartzeen arabera, gurasoen %70ak 10 eta 30 euro arteko laguntza jaso dezakeen arren, ez dute "inolako eskaera tsunamirik" jaso oraindik.