Urruñarrek besta sanoki egin dute 'Laborarien Eguna'rekin borobilduz

Antxeta Irratia 2022ko ira. 7a, 00:00

Laborariek momentu zailak bizi dituzten honetan, udako idortea, inflazioa eta diru sartzeen apaltzearekin, pandemiagatik bi urtez ospatu ez duten 'Laborarien Eguna' berreskuratu dute aurten Urruñan. Filipe Aramendi auzapeza pozik azaldu da bestak "sanoki eta arazorik gabe" iragan direlako. Eta usadio handiko azken egun honetan, laborariak sustengatzeko eta herrian sektoreak duen presentzia ttipia atxiki beharra dagoela nabarmendu du.

Hala, Kabalekin elkarteak antolatuta eta 120 laguntzailez lagundurik, behorrak, ardiak, behiak, zaldiak eta ahuntzak... kabalen feriekin batera, laborarien tokiko produktuak dastatu eta erosteko azoka ere gozatu ahal izan dute urruñarrek goizeko 9etarik goiti, Urruñako pilotalekuan eta ikastolaren aldameneko aparkalekuan.

Ramuntxo Ibarburu, Kabalekin elkarteko ordezkariak azaldu digunez, "urte osoko lanaren erakusteko eguna da, kabalak erakutsi, eta baserrietan gure lana zer den ezagutarazteko". Urruñako laborariek duela hilabete sortu zuten Kabalekin elkartea. Lehen herriko etxeak antolatzen bazuen ere, fite hartu dute Laborarien Eguna antolatzearen sokari segida emateko deliberoa.

Bestak bururatzeko, 17:00etan Gurrutxaga pilota lehiaketaren finala jokatuko dute Dongaitz trinketean. Eta dantzan itxiko dituzte jaiak. 19:00etan Joselu Anaiak eta 22:30etatik aurrera azken dantzaldia, Edantza taldearekin.

Goizeko Laborarien Eguna bertatik bertara segitu du, Maia Muruaga lankideak.

 

Erlazionatuak