Etengabe emendatzen ari den adinekoen etxez-etxeko zaintza beharrak ezin asetu dabil Hendaia

Antxeta Irratia 2022ko ira. 7a, 00:00

Haizpean EHPAD zahar-etxeko plazak beteak dira, eta agintariek ez dute hau handitzeko proiekturik aurreikusten. Nolanahi ere, geroz eta laguntza behar duten 75 urtetik gorako pertsona gehiago dago etxean jarraitu nahi duena. Hendaiako CCAS-en (Gizarte Ekintzarako Herriko Zentroa) arabera, %40 egin du gora etxez-etxeko zaintza zerbitzuek. Txomin Elizondo, CCASeko zuzendariak azaldu digunez, "gaur egun Hendaian, 300 bat pertsona dira laguntza jasotzen dutenak, baina etengabe emendatzen doa beharra eta ez dago formakuntza egokia duen aski zaintzaile horri buru egiteko".

Urteek aitzina egin ahala, zaindarien beharra emendatzen joango dela aurreikusita, Hendaiako Aizpurdi Lizeo profesionalak bi titulu profesional eskaintzen ditu bere formakuntza eskaintzan. Akitaniako eskualdeak diruz lagundutako DEAES diploma eskuratzeko sei hilabeteko formakuntza izan, ala estatuko ADVF titulu profesionala izan, (bi urteko ikasketak eskatzen dituena), Aizpurdi lizeoak lan aterabide handia du sozial arloko formakuntzaren bidetik. "Bereziki hizkuntzak dakizkienarentzat, Hendaia berezia da hortan ere, errealitate soziolingustikoa aintzat hartuta, adineko jende asko dago euskara eta gaztelera eskatzen duena", dio Elizondok. Eta behar hori mugazgaindiko langileekin asetu zitekeen arren, hegoaldeko titulazio profesionalek ez dute Iparraldean lan egiteko.

Horregatik, gazteei ez ezik, dagoeneko erizaintzan zein haur, enbalditu edo adinekoen zaintza lanetan eskarmentua duen heldu orori deialdia luzatu du Aizpurdi lizeo profesionalak, birziklatze profesionala egin dezaten.