Garbitzaileen grebaren ondorioz "egoera onartezina" denez, klaseak kalean emateko prest dira Hondarribian

Antxeta Irratia 2022ko ira. 7a, 00:00

Eskola sartzea airean dago Hondarribian. Irakasleak eta gurasoak kezkaturik azaldu dira udal eskoletako garbitzaileen greba mugagabearen ondorioekin. Loraitz haurreskolan bezala, Satarka, Bordari eta Biteri eskola publikoetan osasun baldintza minimoak ez direla betetzen salatu du Talaia guraso elkarteak. Eta abuztuaren 25ean Txomin Sagarzazu alkatearekin eta Kalixa Silanes zinegotziarekin egindako bilerak ez du nahi ondorioak ekarri. Udalak %100eko zerbitzu minimoak galdegin dizkio Eusko Jaurlaritzari, eta helegitea aurkeztu badu ere, euskal gobernuak greba eskubidearen izenean ez du neurri hori onartu. Gurasoen ustetan, udalak zerbitzua enpresa bati azpikontratatu badio ere, azken batean eskolak gutxieneko garbitasun batekin mantentzearen ardura udalarena da.

Baina joan den ikasturte bukaeran hainbat ikaslek eta irakaslek, asmatikoak barne, osasun arazoak izan zituztela ikusita, ikasturte berrian ematen den egoera "onartezina" dela ulertzen dute.

Irailaren 8a giltzarri

ISS Facility Services enpresaren eta langileen artean irailaren 8an PRECON emango den bilkurak ezustekorik eman ezean, Hondarribiko udal bulego eta eskoletako garbitzaileek greban jarraituko dute irailaren 12an herriko eskolak ateak zabalduko dituztenerako. Irailaren lehenean greba mugagabera jo zutenean garbitzaileek iragarri zuten "herritarrak eskolak zaborrez beteak ikustera ohitu beharko direla". Izan ere, 109 greba egun eta gero, "udala eta azpikontrata enpresak adarra jotzen ari gaituztela dirudi" kexu dira langileak.

ELA sindikatuak bere partetik enpresaren jokamoldea salatu du. Izan ere, 2011z geroztik berritu gabe dagoen lan hitzarmena berritzea lortuko balitz, udalak kontratu berria esleitzeko lehiaketa deitzera behartua egongo zen. Baina lan gatazka abendura helduko balitz, akordiorik gabe, udalak ordaintzen duen ia 1,2 milioi euroko kontratuaren prorroga automatiko bat emango litzake. "Enpresa propio ari da gatazka luzatzen, bere interesen alde. Urtarrilaren 10etik negoziatzeko prest gaude, baina ekainaren 29an izan genuen aurreneko bilera eta irailan bigarrena, eskolak hasteko atarian", kexu da Xabier Etxaniz ELAko ordezkaria.

Horren aurrena, irailaren 9an bilduko dira egoeraren azken ordukoak aztertzeko. Eta Karolina Sainz de Vicuñak iragarri digunez, neurriak hartuko dituzte. "Hitzegina dugu, eta prest gaude klaseak patioan emateko, protesta gisa, barruko baldintzak negargarriak direlako", dio guraso elkarteko kidea, "baina noiz arte?".