Bidasoaldeko haur ukrainarrek kurtso osoa bete ahalko duten jakin gabe hasiko dute ikasturtea

Antxeta Irratia 2022ko ira. 7a, 00:00

Ukrainako gerlaren ondorioz, apirilaz geroztik errefuxiaturik dauden 5.022 lagun daude Hego Euskal Herrian. Horietatik 1.473 Gipuzkoan. Eta 100 bat dira Irun eta Hondarribian (eta beste 15 haur Hendaian). Errefuxiatuen %40a inguru adin txikikoa da. Izan ere, ama seme-alabekin izan ohi dira, unitate familiar ohikoenak.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 1.439 adin txikiko matrikulatuak daude aurki hasiko den ikasturte berrian. Eta Irungo kasuan, gehienak Txingudi Ikastolara eta Toki-Alai ikastetxera bideratu zituen joan den udaberrian Hezkuntza Departamenduak.

Haien artean, EAEn dauden 250 Txernobilgo haurrak daude.

Ikastola, integrazio bidea

Ainhoa Arzak irundarra haur horietako baten harrerako ama da. Eta apirilaz geroztik bizi izan dituzten gorabeherak azaldu dizkigu. Roman du izena bere haurrak,. 11 urte ditu eta etxean "familiako bat gehiago" bada ere, jakinaren gainean dira Ukrainako gerlaren bilakaeraren arabera bere herrialdera itzuli beharko duela berandu baino lehen. "Bere amak hala nahiko balu, itzuli beharko luke, baina momentuz ez du zentzurik bueltatzea" bere ustetan, "bera pozik dago, eta guk ez dugu inolako arazorik". Bitartean, Euskal Herrian lagun berriak egiten eta azkar integratzeko ahaleginetan ari da, noiz arte jakin gabe.

Hortan, zeresan handia du Txingudi Ikastolak. "Hasieratik ikastolan hastea izan zen gure helburua" dio Ainhoak, "bizimodu ahalik eta normalena egin eta euskara ikas zezan, eta Txingudin badira ukrainar haur pila bat". Bertan eskaintzen zaien euskarazko errefortzu eskolekin, etxean saiatzen denarekin "euskara pila bat ikasi" duela dio bere harrera amak. Gainera, udako oporretan ere, Udalak Irunera iritsi berri diren haurrei eskainitako euskarazko UdaGiro errefortzu programan izandu da.

Irailaren 12an ikasturte berria abiatuko du. Baina gainerako ukrainarrak bezala, ikasturte osoa bete ahal izango ote duen ez dakiela. Ezjakintasuna baita errefuxiatuen zein haien harrera familien eguneroko ogia.

Ainhoa Arzak, harrerako amarekin hitzegin dugu.